22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Esku Elkartuak erakundearen deia “desbardintasuna geldiarazoteko”
06.02.2023

Esku Elkartuak erakundearen deia “desbardintasuna geldiarazoteko”

Esku Elkartuak erakundeak datorren domekaz, otsailak 12, ospatuko dau bere eguna. Egun bi aurretik, otsailaren 10ean, barikuz, borondatezko barau eguna egitea proposatu dabe. On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzainak kanpaina honetarako idatzi dauan gutunean azaldu dauanez,  "Esku Elkartuak erakundeak “Zeure esku dago desbardintasuna geldiarazotea” goiburua aukeratu dau aurtengo kanpainarako, besteak beste, desbardintasunak eragiten dituan arrakalak gero eta handiagoak dirala eta miloeka lagunen duintasuna urratzen dabela agertzera emoteko. “Gosearen aurkako kanpainaren” haritik emoten diran datuek tristura eta kezka eragiten dabez: 828 miloe lagun baino gehiagok gosea jasaten dau eta, ondorioz, minutuan zortzi lagun hilten da gosez. Zortziehun miloe lagun inguruk, pandemiaren aurretik baino 100 miloe gehiagok, 1,90 euro baino gitxiagogaz pasatzen dau eguna. Gainera, pobretasunak munduan emakumearen aurpegia dauala baieztatzen da barriro be". Kanpainarako lagungarriak.

Aurton, Esku Elkartuak erakundearen Bizkaiko ordezkaritzak sustatuko dauan kanpainan, Amaia Modrego Berrizeko Mesedetako Misiolariak parte hartuko dau, bere lekukotasuna emonez hainbat parrokiatan. Otsailaren 11n, Bilboko Erregeen Andra Mari eta San Fernando parrokian, 13:00eko mezan. Egun berean, Barakaldoko San Jose Langilea parrokian, 19:30etan. Domekaz, otsailak 12, Areetako Mesedetako Ama parrokian, 13:00ean. Otsailaren 15ean, eguaztenez, berbaldia eskainiko dau Bilboko Familia Santua parrokiako Familia Santua Etxean, 17:00etan. “Alkarren Barri / Comunicación” aldizkariaren otsaileko alean jasoten da Amaia Modregori egindako alkarrizketa: hemen.

Gotzainak, aitatutako gutunean, gogoan dau Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko VI. Egitasmoa (EEE). Bere esanetan, egitasmoan, “pertsona makalenen beharrizanen aurrean sentiberatasun handiagoa, pertsona guztiekin abegi eta gertutasun handiagoa, Frantzisko Aita Santuak behin eta barriro eskatzen deuskunez, Jainkoaren maitasunaren ahalmenean gero eta konfiantza handiagoa dauan Eleiza Samariar lez hazteko lagungarri izan leikezan helburu eta ekintzak jasoten dira (ik. Fratelli Tutti, 67)”. 

 

 

Borondatezko baraua, otoitza eta diru-laguntza

On Joseba Segura gotzainak zera dino amaieran: “dei egin gura deutsuet Esku Elkartuak erakundeak garatzen dauan eleiz ekintza garrantzitsuan parte hartu daizuen, borondatezko barauaren, otoitzaren eta diru-laguntzaren bidez. Zeinuok Jainkoaren maitasunaren unibertsaltasunarekiko dogun konpromisoa agertzen dabe, planetako txirotuen bizi-baldintzen hobekuntzan lagunduz”.