Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmoa, hitzez hitz, “mezetara” eroan gura dabe, Bizkaiko ahalik eta kristau gehiengana iristea da-eta asmoa.
Ehunka lagunek landu izan dau dagoeneko datozan urteetan garatuko dan Egitasmoa aurretiko hausnarketetan parte hartu dabelako. Halanda be, kristau alkarteko beste lagun askok eta askok Eleizagaz daben lotura formal bakarra mezak dira. Hori kontuan hartuta, gotzaina buru dauan Gotzain Kontseiluak ontzat jo eban Egitasmoaren sustapenerako batzordearen proposamena: lagungarri erraz batzuk prestatu mezetan banatu ahal izateko.
Argitaratu da Bizkaiko Eleizaren Egitasmoaren oinarrizko jardunbideak jasoten dituan agerkaria eta beronen bitartez dei egiten jake eleiztarrei ekintzaren bat eurenganatu eta Egitasmoa aurrera eroateko konpromisoa hartu daien. Jose Mari Kortazarrek, Clara Arzak, Edith Ulloak, Agustin Garciak, Elena Unzuetak eta Dorleta Alberdik osatzen daben batzordetik azaltzen dabenez, “apustu guztiak, nahiz eta txiki iruditu, handiak dira. Bakotxak, bere ahalmenen arabera, Egitasmoa garatzen eta paperetik egintzetara eroaten lagundu leike”.
Lagungarriak eskuragai dagoz gura dauanak hartu daizan, web orrialde honetan. ‘Alkarren barri’ aldizkariaren hurrengo alean be argitaratuko dira eta dei egin jake Pastoral Barruti eta parrokiei euren inguruetan zabaldu daien, mezan parte hartzen dauan ahalik eta lagun gehiengana heldu daitezan.
Txikiagoakaz lantzeko lagungarriak hemen
Egitasmoari lotutako hurrengo urratsak
Atzo, Egitasmorako Batzorde Teknikoko kide dan Manu Morenok egitasmoaren gaur egungo egoeraren barri emon eutsan Abade Kontseiluari.
Oraindik zabalik da Egitasmoa nork bere egin eta garatzeko irakurketaren emaitzak iraultzeko epea. Prozesu honetan, eleiz eremu bakotxa ibilbide-orrian jasotako ekintzetako batzuetan konprometitu egiten da.
Datozan egunetan, Batzorde Teknikoko eta Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kideek jasotako erantzun guztiak multzokatuko dabez. Bilketa-lana egin dondoren, proposamena landuko da prozesuan parte hartu daben pertsonek aurkeztutako azpimarra nagusiakaz. Kontseiluetan aurkeztu eta aztertu ondoren, ekainean, ohikoa danez ‘Goazen!’ ekitaldiagaz hasiko dan datorren kurtsoaren ildo nagusia ezagutzera emongo da.