16-04-2026 Jueves, II semana - pascua
16.04.2026

Etorkinen ezohiko erregularizazinoa gizarte zuzentasunezko neurria da

Karitate eta Zuzentasunerako Billboko eleizbarrutiko ordezkaritzak eta Caritas Bizkaia erakundeak positibotzat jo dabe migratzaileen ezohiko erregularizazinoa ahalbidetuko dauan Errege Dekretuaren onarpena. Euren ustez, "erantzukizun politiko, etiko eta sozialeko neurria da".

Urrats erabakigarria da, “gizarte zuzen eta inklusiboagorantz” jotzeko aukera emoten daualako. Era berean, pertsona guztiei euren eskubideez gozatzeko eta gizarte, ekonomia eta alkarte bizitzan bete-betean parte hartzeko aukera emoten deutse. Erregularizazinoak benetako aukera dakar, egiturazko bazterketa-egoerak apurtzen ditu eta batasun handiagoko alkarbizitza eratzen dau.

Funtsezko eskaria: aurrez aurreko erregistroa

Prozesua korapilatsua da ikuspuntu tekniko eta administratibotik. Horregaitik, administrazinoak ezinbesteko bitartekoak bermatzea nahitaezko dala nabarmendu dabe agirian. “Neurriak eraginkortasunez heldu behar dau onuradun izan daitekezan pertsona guztiengana, batez be, ohiko bideetatik euren egoera erregularizatu ezinik urteak daroezanengana”.

Susana Cuesta Caritas Bizkaia erakundeko zerbitzu juridikoko arduradunak argi hitz egin dau: “erakundeei dei egiten deutsegu nahitaezko agiriak lortzeko eta agiri honeen lehentasunezko tramitazinoa egiteko aurrez aurreko erregistroa erraztu dagien.

Bestela, ohartarazo dauanez, “ezohiko erregularizazino honen onarpenak ez leuke bere helburua beteko”.

Ebanjelioaren eskakizuna

Eleizarentzat, migratzaileen harrera, babesa eta duintasuna bere egitekoaren berezko eskakizun dira, Manu Moreno Karitate eta Zuzentasunerako eta Caritas Bizkaia erakunderako gotzain ordezkariak gogoratu dauanez.

Bere esanean, “neurri honek gizarte justizia, pertsonen eskubideak autortzea dakar”. Bere ustez, “gizarte batasunaren bidea erakusten dau, hau da, eskubideak, eta ez urraketa eta bazterketa, oinarritzat hartuta eraiki gura dan batasunaren bidea”.

Aurrerago esan dauanez, “erregularizazinoak daborduko bizilagun doguzan eta etorkizunaren bila euren lurra atzean itzi behar izan daben pertsonen egoerak agertzea eta pertsona horreei duintasuna emotea ahalbidetuko dau.

Caritas Bizkaia erakundeak, beste hainbat eleiz eta gizarte erakundegaz batera, 2023tik nabarmentzen dihardu neurri honen premina. Herri-ekimen Legegileak (HEL) 600.000 sinaduratik gora batu eban. Sentiberatasun bera eben pertsonen gizarte mobilizazino eredugarria izan zan.

Eragina Euskadin eta Bizkaian

Egoera administratibo irregularrean egoteak egundoko ahultasuna dakar. Asko mugatzen dau oinarrizko eskubideak izateko aukera. Era guztietako bazterkeriaren aurrean jartzen ditu pertsonak.

Euskadiko bazterketa eta gizarte garapenari buruzko FOESSA IX. txostenaren arabera, 315.000 migratzaile bizi da autonomia erkidegoan. Asko eta asko egoera irregularrean dago. Ehuneko 41ek gizarte bazterketa jasaten dau. Bertoko herritarrakaz alderatuz, kopuru bost bider altuagoa da.

Bizkaian, Caritasek egoera irregularrean egozan 4.700 migratzaile baino gehiagori eskeini eutson arreta 2025ean. Laguntza jasotzen daben pertsonen %41 dira eta kopuruak etenbarik egin dau gora 2019tik hasita.

Irregulartasunak, norbere burujabetza mugatzeaz gainera, ikusezintasun eta babesgabetasunezko zirkulua sortzen dau. Eta horrek eragina dauka gizarte bizikidetza osoan.

Ziurgabetasunetik atara

Erregularizazino administratiboak goitik behera aldatzen dau migratzaileen bizitza. Ziurgabetatsunetik atarateko eta oinarrizko eskubideak jadesteko bidea da.

Elena Unzueta Caritas Bizkaia erakundeko zuzendariak honan laburtu dau: “Neurri honek nahitaez erantzuna eskatzen eban errealitateari aurre egiten deutso. Aukera ona da gizarte batasunean aurrera egiteko, eskubideak bermatuz eta gizarte zuzenagoa sendotuz”.

Bere esanetan, “bizileku- eta lan-baimena izateak, arauzko lana eta ekonomia-segurtasun handiagoa izateko atea zabaltzeaz gainera, funtsezko gauzak, esate baterako, osasuna, etxebizitza, heziketa, oinarrizko zerbitzuak, normaltasunez jadestea eta eguneroko kudeaketak bildur barik egitea ahalbidetzen dau”.

Gainera, adierazo dauanez, “erregularizazinoak babesa eskeintzen dau esplotazinoaren eta bazterketaren aurrean eta bizikidetza zuzen eta inklusiboagoa eragiten dau”. Azken baten, “milaka lagun ikusezintasunetik gizarte parte-hartze betera igarotzeko aukera da, eurek be, euren lan eta zergakaz, zerbitzu publikoen eusteari eta gizartearen sendotzari lagunduz”. 

 


 


 

 


 


 

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: