22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Gaur sortuko da Santurtzi Pastoral Barrutia
18.05.2024

Gaur sortuko da Santurtzi Pastoral Barrutia

Gaur arratsaldeko 19:00etan Santurtziko Gorka Deuna parrokian ospatuko dan eleizkizunean, Santurtzi Pastoral Barruti (PB) barria sortuko da. Pastoral Barruti hau, Sortze Garbia, Maria Eleizaren Ama, Apostoluen Erregina, San Pedro Apostolua, Gorka Deuna, San Joan Bateatzailea  eta Itsasoko Ama Birjina parrokien bateratze egonkorretik eratzen da. Era berean, Pastoral Barrutiari atxikitzen jakoz, Palotinoak (SAC), Anai Hospitalarioak (OHSJDO) eta San Joseren Karmeldar Teresak alkarteak. Pastoral Barrutiak ikastetxe bi be baditu: Patronato ikastetxea -EBI Eleizbarrutiko ikastetxeen sarean txertatuta- eta San Jose ikastetxea -San Joseren Karmeldar Teresen berariazko egintza-. Gainera, San Juan de Dios ospitalea, Ospitaleetako Ordenaren esku dagoana, be badau.

PBaren sorrera Mendekosteko ospakizunaren barruan egingo da. Eukaristiaren aurretik hainbat jarduera izango da eleizaren kanpoaldean, udaletxearen aurrean, 17:00etatik aurrera: PBko talde eta errealidadeen aurkezpena, musika eta dantza DJgaz eta hainbat sorpresa…

Agindua

On Joseba Segura gotzainak aste honetan sinatu dauan aginduan jasoten danez, azken hiru kurtsoetan, bultzada handia emon jako Santurtzi Pastoral Barrutirantz daroan prozesuari. “Egon izan da aurretik be, Santurtzi “pastoral eskualdea” edo Pastoral Barrutia sortzeko saiakeraren bat edo beste, baina askotariko arrazoiengaitik ez dira gauzatu. Halanda be, nahiz eta jarritako helbua ez lortu, garatutako prozesuok lagungarri izan dira orain Santurtziko eleiz alkarteak bizi dauan unera iristeko bidea prestatu izan daben urratsak emon ahal izateko”.

Emondako eta sendotutako urrats honeek izan dira azken kurtsoetan Pastoral Barrutiaren eraketaren bultzada handiagorako abiapuntu. Santurtzi PBrako Pastoral Egitasmoa prestatzea be urrats garrantzitsua izan da. Egitasmo hau 2024-2027 aldirako (Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko VI. Egitasmoaren iraunaldiagaz bat) pastoralgintza bideratzeko eta planifikatzeko bitarteko bihurtu gura da. 

Pastoral Barrutiak berariazko nortasun juridikoa izango dau eta ez da parrokia bakotxaren nortasun juridikoa aldatuko.

Santurtziko Gorka Deuna parrokia