13-06-2025 Viernes, X semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Gernikako Kaltzada egoitza izango da Gizarte Jubileuaren hurrengo gunea
12.06.2025

Gernikako Kaltzada egoitza izango da Gizarte Jubileuaren hurrengo gunea

Frantzisko Aita Santuak deitu eban Jubileua dala-eta. Bilboko eleizbarrutian Gizarte Jubileua ospatzen ari da martxoan hasita, bikaritzaz bikaritza hainbat egitasmo ezagutzera emoteko. Barakaldoko gizarte jantokira (I. bikaritza) egin zan erromesaldia lehenengo, gero, Durangoko Etxepelera (IV. bikaritza) eta, azkenik, Getxoko Argia fundazinora. Etzi -ekainak 14, zapatua-Gizarte Jubileua Gernikan (V. bikaritza) ospatuko da. Goizeko 10:30etan san Frantzisko parrokian ekitaldiari hasiera emon ondoren, bertaratutakoak erromesaldian joango dira  Kaltzada egoitzaraino, bitarteko hau ezagutzeko. 1892an sortuta, gizarte egiteko garrantzitsua burutzen dihardu, Gernika-Lumori eta eskualde osoari pertsona nagusientzako harrera-etxe eta egoitza eskainiz. Erromesek eta egoitzan dagozanek alkarregaz egingo dabe jubileuko otoitzaldia. 

Alberto Larrinaga Kaltzada egoitzako pastoral taldeko kideak azaldu dauanez, zapatuz bitarteko hau aurkeztuko da: “egoitzaren sorrera, zelan lantzen diran bere oinarri diran balio eta zutabeak, lortu gura diran helburuak…”.

Kaltzada egoitzak 125 leku ditu eta 18 lagun hartu leikez eguneko zentroan. “Era guztietako pertsonak dagoz eta batzuk ez hain zaharrak. Izan be, gazteak be etorten dira, gaixotasunaren eraginez gero eta hondatuago dagozanak, nekez sendatu daitekezanak eta hemen bizitzaren azken aldiko zainketak jasoten dabez. Beste batzuk, mokor edo belaunetik operatu eta sendatzera etorten dira eta beste batzuk senideei atsedena emon ahal izateko.”.

Kaltzada egoitzaren eta beste egoitza batzuen arteko aldeez galdetuta, Larrinagaren esanetan, Karitatearen Alaben presentzian, “egoitzan bizi izan dabezan baloreetan” datza aldea. Gaur egun, euren presentzia oso mugatua da, gehienak edadean aurrera doazalako eta gaur egun “zuzendaritza-taldeari laguntzen deutse eta euren baloreak langile askori helarazo deutsiez”. 

Albertoren esanetan, “gizatasunezko jokaera, zaintzetatik harago doan jokaera da bereizgarria. Maitasunez lan egiten danean, nabaritu egiten da. Giza balio horreek onartu eta estimatu egiten dira”. 

Kaltzada egoitzan, boluntarioak garrantzizkoak dira. Hain zuzen be, boluntario batek bere lekukotasuna emongo dau zapatuan, Gizarte Jubileuan. Boluntario-lan honek zer emoten deutson kontatuko dau. Horrezaz gainera, egoizan bizi dan baten eta langile baten lekukotasunak be entzungo dira.

Gizarte Jubileua V. bikaritza

Hurrengo ekitaldiak:

Urriak 18. Gordexolako Gizakia Fundazinoa (II. bikaritza)

Azaroak 15. Bilbon (III. eta VII. bikaritzak), Pobreen Munduko Eguna. 

Capilla de la residencia Calzada.