05-05-2024 Domingo, VI semana - pascua
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Gizalegezko Lanaren aldeko III. Eguna. Maiatzak 1eko agiria
11.04.2023

Gizalegezko Lanaren aldeko III. Eguna. Maiatzak 1eko agiria

Apirilaren 23an, Pazko-aldiko hirugarren domekaz, “GIZARTEAREN MUINA, LAN DUINA”, Gizalegezko Lanaren aldeko III. Eguna ospatuko dogu, “Gizalegezko lana. Lan osasungarria. LANA BIZIGAI” goiburuaren haritik.

Egun honetan, lanean biziaren alde egitea, bizia zaintzea, ezinbesteko dala aldarrikatu gura dogu. Eleiza lez, lanean osasuna eta bizia galtzearen inguruan kontzientzia hartu eta sentiberatasuna biztu behar dogu. Frantzisko Aita Santuak, ozen esan eban 2021eko gauerdiko mezan: “Hildako gehiago ez lanean! Eta ahalegindu gaitezan hori lortzen”. Gogoratu daigun, 2022an, laneko 38.166 ezbehar gertatu dala Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horretan 30 lagunek galdu dauala bizia.

Orain dala 20 urte, Lanaren Nazinoarteko Erakundea (LANE) Laneko Segurtasun eta Osasunerako Munduko Eguna ospatzen hasi zan. Apirilaren 28an, urtero, laneko ezbeharren eta gaixotasun profesionalen prebentzinoa sustatzea ezinbesteko dala gogoratzen da, arazoaren garrantzian arreta jarriz eta lanean bizia zaintzearen aldeko kultura sustatuz.

Gizalegezko Lanaren aldeko Eleizbarrutiko III. Egun honetan, gizon eta emakumea lehenesteko eta lanaren eremua eremu gizatiar eta osasungarria egiteko deia geure egin gura dogu. Laneko ezbehar eta gaixotasunek eragiten dabezan biktimak gogoan doguz eta alkartasuna adierazoten deutsegu senideei. Frantzisko Aita Santuak LANEri 2021ean zuzendutako hitzetan, “lana, hartu-emona bada, zaintzaren alderdia barne hartu behar dau, hartu-emon bakar batek be ezin dau-eta zaintza barik iraun”.

Hainbat bitarteko eta jarduera aurkezten deutsuegu, bakarka zein talde edo alkartean garatzeko. Eleizbarrutiaren webean (www.bizkeliza.org) eskuratu daitekez.

  • Kartela (paper-euskarrian eta webetik jaisteko moduan)
  • Liturgia lagungarriak (webetik jaisteko moduan) (prozesuan)
  • ‘Aizu!!!’ agerkariaren 90. alea
  • Lagungarri osagarriak gai honetan sakondu ahal izateko

Landu eta zabaldu eizuez egun honen inguruko ekimenak zuen inguruan. Zuen esanetara gaukazuez argibideak emoteko eta laguntzeko. Agur t’erdi!

Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritza.

Dagokiozan artxiboak: