09-11-2024 Dedicación de la basílica de Letrán
Bizkeliza 5 Kultura 5 “Guggenheim museoa lagungarri izan da etorkizunean konfiantza izateko”
27.06.2024

“Guggenheim museoa lagungarri izan da etorkizunean konfiantza izateko”

Aste honetan, Kultur Ondarerako Espainiako Gotzainen Batzarreko Gotzain Azpibatzordeak sustatzen dituan Eleizaren Kultur Ondarearen XLII. jardunaldiak ospatzen ari dira Bilbon, 25 Eleizbarruti inguruko ordezkariakaz. Atzo, Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariak jardun eban, besteak beste, eta uriburuko haibat leku bisitatu eben, esate baterako, Guggenheim Museoa, San Mames edo Azkuna Zentroa. Guggenheim Museoak Bilbon izan dauan eraginaren eta 1991ean egitasmoa sortu zanetik izan diran gertaera gogoangarri nagusien errepasoa egin eban Vidartek bere berbaldian.

Vidartek, egitasmoa garatu zan testuinguru historikoaren inguruan gogoeta egin ondoren, erakundearen 27 urteko  jardunbiearen inguruko hainbat ardatz azaldu eban. 

Bere esanetan, “garrantzitsua da testuinguru historikoaren balioa azpimarratzea, Guggenheim Museoari buruz hitz egiten danean, orain urian txertatutako osagaietako bat dala emoten daualako, betidanik izan dan zerbait, baina, jakina, hori ez da holan”.

Jardunaldiak ondarea

BIlboko Guggenheim Museoaren egitasmoa 1991 inguruan sortu zan. Vidartek uriaren historian egundoko aldaketa etorri zan sasoi horretako hemengo, estatuko eta nazinoarteko testuinguru historikoa berrikusi eban, aitatutako aldaketa hori “testuinguru zabalagoan, europar ikuspuntutik” be izan zala nabarmenduz. Egitasmoa,1983ko abuztuan gertatu ziran zoritxarreko uholdeetatik zortzi urtera sortu zala gogoratu eban: “uholdeak mugarri izan ziran uriarentzat; uholdeek Bilboko Alde Zaharraren zati handi bat txikitu eben eta egundoko kalteak eragin ebazan uriko beste hainbat lekutan eta Bizkaian eta sasoi horretan, hainbat egitasmo, berreraikuntzaren aldiari ekin jakonean, gitxienez kontuan hartzen hasi ziran”.

Jardunaldiak ondarea

Berbaldia osorik: Hemen

Egitasmoaren historia kontatu eta orain dala 27 urte, 1997an, Guggenheim Museoa inauguratu zala aitatu ondoren, Vidartek bestelako kontuez jardun eban: “Museoak entzutea dau nazinoartean. Bilbon kokatuta dago, baina munduari berba egiten deutso. Hemengo eta kanpoko jentearen jakin-mina biztea da bere helburua”. Iaz, 1.300.000 bisitari jaso ebazan.

Guggenheim Museoaren zutabeetako bat, bere arkitektura dala be nabarmendu eban, “oso garrantzitsua” dalako eta erakusketetarako eremu bikainak eskaintzen ditualako. Azaldu ebanez, egitasmoak hasierako helburua betetzen dihardu: ekonomia-barrikuntza eta jardueraren bultzatzaile izan.

Jardunaldiak ondarea
Juan Ignacio Vidarte, Gaspar Martinez Kultur Gai eta Ondasunetarako Bilboko Eleizbarrutiko saileko arduradunagaz solasean. Erdian, Pablo Delclaux Kultur Ondarerako Gotzainen Batzarreko Gotzain Azpibatzordeko idazkaritzako zuzendaria.

“Nire ustez, museoak sorrerako helburuak lortzen lagundu dau, konfiantza ekarri deusku eta etorkizunean konfiantza jarten lagundu. Museoari esker, aldaketak beti ez dirala txarrak izaten ikusi dogu, hau da, aldaketak onak izan daitekezala, aldaketa eraginkorra izan daitekela, jarten diran helburuak lortu egin daitekezala, egoera jakin bat aldatzeak dakarren arriskua onartuta”. (Juan Ignacio Vidarte)

Gaurko ekitaldiak:

Gaur, beste hiru berbaldi izango dira jardunaldietan. Lehenengoa, Maria Soledad Garcia Morales Madrileko Unibertsitate Politeknikoko irakasleak eskainiko dau, “Arkitektura, artea eta liturgia” gaiari buruz. 

Carmen de Prado CUCO UNESCOrako Kordobako alkarteko presidenteak “Jasangarritasunaren oreka” gaiaz hitz egingo dau eta Mª Angeles Jordano Kordobako Unibertsitateko irakasleak “Arkitektura eta jasangarritasuna” gaiari buruz.

Arratsaldez, bisita gidatua egingo dabe Alde Zaharrean eta Eukaristia ospatuko da, On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala, Santiago katedralean.

Bihar -ekainak 28, barikua-, jardunaldiei amaiera emoteko, Pablo Lopez Raso Madrileko Francisco de Vitoria Unibertsitateko Komunikazino-fakultateko katedradunak jardungo dau honeen inguruan: “Arte garaikidea ulertu” eta “Betiko eleizetan eta oinplano barriko eleizetan txertatutako arte garaikidearen ereduak”.