21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Angel Romero abade “laguntzaile eta arretatsua” hil da
28.03.2023

Angel Romero abade “laguntzaile eta arretatsua” hil da

Angel Romero Garcia Eleizbarrutiko abadea joan dan domekan hil zan Santurtzin, 88 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar -martxoak 29, eguaztena- ospatukoda, arratsaldeko zazpietan, Santurtziko Sortze Garbia parrokian, Sergio Buiza I. bikaritzako lurralde bikarioa buru dala. 

Angel Romero (Libros. Teruel, 1935.eko martxoaren 2a), Derioko Seminarioan egin zan abade 1965ean. Ondoren, Miraballeseko abade lagunkide eta abadeen taldeko kide izendatu eben. 1974tik 1989ra Errekalden egon zan, abadeen taldeko kide lez eta eskualdeko ordezkari be izan zan.

Bere abadegintzaren Urrezko Ezteguen ospakizunean, Begoñan, 2015ean

1989tik aurrera, Angelek Santurtzin garatu izan dau bere pastoralgintza, lehenengo Sortze Garbia parrokiako parroko lez -hementxe ospatuko da bere hileta- eta, ondoren, erretiroa hartu arte, abadeen taldeko kide lez eta Mamarigaz arduratuz. 

Atsegina eta lagun mina

Jesus Sanchez Maus abade-lagunak gaztetan ezagutu eban Errekalden: “Sendotzarako prestatu ninduan Errekalden eta beranduago alkarregaz egon ginan sei urtez abade lez Santurtzin”. Bere esanetan, gizon lasai eta laguntzailea zan: “alkarregaz egon ginan sasoian, eta erretiratuta egon arren, beti egoan laguntzeko prest. Oso ondo portatu zan nigaz. Parrokia bi egozan nire ardurapean eta berak asko lagundu eustan”. Gorka Deuna parrokiako abade-etxean bizi zan Angel eta jardunean iraun eban azkeneraino eta joan dan astera arte meza be ospatzen eban.

Mausek aspaldiko oroitzapenak ditu Angelez, hain zuzen be Errekaldeko plazan amagaz paseoan ikusten ebanekoak: “amagaz bizi izan zan eta azkeneraino zaindu eban”. Jatorra, apala eta patxadatsua zala dino, Santurtzin, jenteak oroitzapen onak ditu, atsegina zalako, lagun mina eta ministerioaren ikuspuntutik, laguntzailera eta arretatsua izan zan beti, eta behar zan lekuan laguntzeko prest egoan beti”. Santurtzin, Angelek denpora luzez ospatu eban Eukaristia Santa Eulalia Patronatuan, Karidadearen Alabak ordenako monjakaz. 

Hurkoa eta eskuzabala

Carlos Olabarri abadeak Santurtzin abadegai zala ezagutu eban Angel Romero eta, bere esanetan, “gizon hurko eta eskuzabala zan, gizon atsegina eta otoitz gizona”. 

Carlosek Angelegaz bizi izan eban une berezia gogoratzen dau: “Ezin ahaztu zelan nire gelan nengoala, niregana hurretatu zan eta bere abadegintzako kaliza emon eustan. Barriztu barrí egoan eta niretzat, abadegai gazte batentzat, izatea gurako eukela esan eustan”

Goian bego eta Egun handira arte!