Egun berezia izan da Urkiolako familiarentzat. Peli Romarateguiri azken agurra emon jako. Altare aurrean jarri dabe bere zerraldoa eta bere alde egin da otoitz. Ondoren lurra emon deutsie. Jai giroa etorri da gero, 12etan mezea eta ostean, abereen bedeinkazinoa.
San Antonio Abaden jaia
2023ko lehenengo edurrak gaur heldu dira Urkiolara, San Antonio Abad egunez.
Antonio Medinabeitia, abadetxean bizi dan misiolari bakarra izan da Gaizka Egaña abadegaiagaz batera, bedeinkazinoaren ardurea hartu dauana. Txakurrak, katuak eta asto bat be egon dira zain euren jaubeen ondoan.
Santutegira heldu dan lehenengoetakoa, Sestaoko emakume bat izan da. Bere txakurragaz joan da eta, txaleko eta guzti ondo babestuta egon bada be, dardarka egoan animalia. Jabearen esanetan, “fededuna naz. Lehenengo aldia da hona natorrena, ikastolan lanean egonda, ezin izan nebalako etorri. Erretiratu naz eta gure maskota bedeinkatzeko aukera aprobetxatu gura izan dot”.
Santutegian, aspaldiko beste ohitura bat be berreskuratu dabe gaur: ogien bedeinkazinoa. Gero, ospakizunaren amaieran, jenteari banatu deutsez eleizpean.
Laudato si´
Imanol Atxalandabaso izan da mezaburua. Laudato si´ euki dau ahotan. Ingurumena zaintzea guztion ardurea dala esan dau eta bakotxak haru behar dauele bere erantzukizun zatia honetan.