Deustun orain dala 55 urte jaio zan Imanol Elolak orain dala hamar urte inguru ekin eutson bere misino-ibilbideari. Ipar-Hegoaldea ikastaroa egin eban (20122013), Julio Cuadra laguntzaile ebala eta handik gitxira bizi izan eban bere lehenengo misino-esperientzia Ekuadorren, Riobambako Santa Cruz etxean.
Harrezkero, hainbat herrialde eta testuingurutan bizi izan dau misino-esperientzia. Gero salestarrakaz hezi zan eta Ekuadorrera joan zan -Cayambera, 2014 eta 2015ean-, Mozambikera (2017), Ghanara (2018) eta, oraintsuago, Ekuadorreko Ricaurtera (2022), hemen “Unidad Educativa Nuestra Señora del Carmen” dalakoan jardun ebalarik bere lehenengo misino-esperientzia bizitzen ari zan bere lagun Rebekagaz batera.
«Egon izan nazan lekuetan preminazko ziran gauzetan aritu dan, irakasle lez edo sukaldari lez», azaldu dau berak. Misinoa ulertzeko dauan eraren isla da prestasun hori: premina dagoan lekuan egon, pertsonen eta alkarteen esanetara eta zerbitzura egon.
Dei eta zerbitzu lez ulertutako misinoa
Orain, Trujillo Garaira doa eta irailaren 7tik 27ra egongo da bertan, besteak beste, Barakaldon pastoralgintzan diharduan eta misinoetan ibilbide luzea dauan -hiru urtez egon zan Salvadorren eta hamabost Trujillo Garaian- Aitor Esteban Bilboko eleizbarrutiko abadeagaz alkartea osotuz.
Asteotan, Imanolek Trujillo Garaiko ‘Defensoría de la Mujer’ dalakoan jardungo dau batez be eta zaintza aringarriei, umeei eta herritarren beste premina batzuei lotutako kontuetan lagunduko dau.
Deustuko San Pedro parrokiak urteak daroaz Trujillo Garaiko emakumeei zuzendutako egitasmoari laguntzen eta Imanol parrokia horretako eleiztar danez, domekako bialketak aprateko esangura dauka.
Imanolek ez dau uste misinoa esperientzia pertsonal hutsa edo aste batzuez laguntzeko aukera danik. Beretzat, bizitza ulertzeko era da. «Beti bueltatu izan naz eroan nebanaz baino askoz gehiagogaz», autortu dau aurreko esperientziak gogora ekarriz.
«Misino-lekuren batean noanean, Jesusek deituta eta nire Eleizaren eta alkartearen izenean noala ulertzen dot».
Imanol Elola
Caritas Bizkaia erakundeko Zuzenbide-zerbitzuan
Bilbon, Imanolek Caritas Bizkaia erakundeko Zuzenbide-zerbitzuan, atzerritartasun-arloan, bere esanetan, talde “bikainean”, jarduten dau gaur egun. Atzerritarrei akonpainamendua emotearen esperientzia hori orain Trujillo Garaian jarraipena izango dauan zerbitzuzko ibilbidearen parte be bada.
Misino-ibilbidean, ez dau heziketa ahaztu. 2021ean, barriro egin eban Ipar-Hegoaldea ikastaroa eta bere misino-bokazinoa sendotzeko balio izan eutson.
Hainbeste urtetan hainbeste errealitatetan izan ondoren, leku bakotxean zer izten dan jakitea ez dala erraza dino, “ez dakit ekarpen handia izan dodan ala ez”, autortzen dau, baina jasotakoa, asko dala badaki.
«Herri hareetako akonpainamendu eta zerbituzak zentzun bete dau nire bizitza»
Imanol Elola
Domekan, Deustuko San Pedro alkarteak lagun egingo deutso aldi barriaren hasieran. Bialketan, parrokia, misino-esperientziaren istorio pertsonala eta alkartea lotuko dira. Biharamunean, Imanol Perurantz atarako da misino-esperientzia barria bizitzeko eta Barri Ona beste batzukaz batera bizitzera.







