05.09.2026

Zeanurin, ibilaldia ermitaz ermita

Gaur, Zeanuri bere historia eta ondarean murgilduko da barriro ermitaz ermita ibilaldia eginez. Joko Alai Kirol Alkarteak antolatutako ekimenaren XXXVII. ekitaldia ospatuko da aurton, beti lez kirola, izadia eta lekuko ondarearen ezagutza buztartuz.

Udaletxearen aurreko plazan ekingo deutsoe ibilaldiari 7:30etan eta guztira 35 kilometro egingo dabez.

Ibilaldian, partaideak Zeanuriko auzo eta inguruetan dagozan 19 ermita eta eleizaren ondorik igaroko dira. Ibiltariek Eleizondorako bidea hartuko dabe eta han Pietatea ermita, Nestor Basterretxearen kurutzea eta Andra Mari parrokia ikusiko dabez, gero Asterriarantz joz.

Ermitak Zeanuri

Kirol erronkatik harago, proposamenak Zeanuri herriaren historia eta paisaiari lotutako ondare erlijiosoa ezagutzera emon gura deutse auzotar eta bisitariei. Guztira, hogei ermita edo eleiza dagoz udalerrian eta Gorbeiaren tontorretik gertu dagoan Igiriñaoko Edurretako Andra Mari ermita da salbuespena. 

Begirada ermiten ondareari

Aurton, ondareari lotutako barritasuna dago. Egunean zehar, «Zeanuriko ermiten ondarea» erakusketa izango da ikusgai plazan eta ermitetan.

Erakusketan, ermiten barrualdeko eta kanpoaldeko eta airetiko argazkien bidez, eremu erlijioso honeek ezagutzera emongo dira. Ermita bakotxean argibide-panela jarriko da bere ezaugarri nagusien barri emonez eta, gainera, hainbat osagai historiko eta esangurtsu agertuko da, esate baterako agiriak eta monolitoak.

Erakusketa, Juanma Nogales Zeanuriko bizilagunak eratu dau, Udalagaz batera. Aukera ona da herriaren oroimen eta nortasunaren parte dan ondarea hobeto ezagutzeko.


Arratiako ermita eta eleizen inguruan gehiago jakiteko, Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogora jo.



Ibilaldi bat eta hainbat ibilbide

Antolatzaileek hiru ibilbide prestatu dabez: ibilbide osoa, 35 kilometrokoa da, eta ibilbide laburragoa egin gura dabenek edo luzeena egiteko prestatuta ez dagozanek beste bi daukiez aukeratzeko: 28 kilometrokoa eta 15 kilometrokoa.

Zeanurin orain dala 38 urte sortu zan ekimen hau. Urtez urte, dei egiten da bide egiteko eta bere paisaia eta ondarearen zati diran ermitak ezagutzeko eta euron balioa nabarmentzeko.

Imagen de una edición anterior