18-07-2024 Jueves, XV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Indautxuko alkartea Francisco Javier Nuñez Fernandezi eskainitako omenaldian
25.06.2024

Indautxuko alkartea Francisco Javier Nuñez Fernandezi eskainitako omenaldian

Atzo, Bilboko Udalak omenaldia egin eutsan Francisco Javier Nuñez Fernandez poliziaren biktimari. Plaka jarri eben Albia lorategiko plazaren ondoan, 1977.eko maiatzaren 30ean poliziaren indarkeria jasan eban biktima honen oroimenez. Basurtuko ospitalean hil zan hamahiru egun oinazetan emon ondoren. Carmina, alarguna eta Ines, hiru urteko alaba itzi ebazan. Ines Nuñez emakume oso konprometitua izan da Indautxuko eleiz alkartean eta Bake eta Adiskidetzerako Bilboko Eleizbarrutiko taldean be izan da. 

Atzo, Bake eta Adiskidetzerako Autonomia-Indautxu Pastoral Barrutiko hainbat kidek parte hartu eban Bilboko Udalak Francisco Javier Nuñez Fernandezi eskaini eutsan omenaldian. 

Plaka, Francisko Javier Nuñez Fernandezen omenez
Amaia eta Iñaki bake eta adiskidetzerako Autonomia-Indautxuko taldeko kideek krabelina ipini eben plakaren gainean

Txistularien Udal Bandak girotuta egin zan lore-eskaintzan, agintari eta herritarrek babesa emon eutsen senideei. Joan Mari Aburto alkarteak, udalbatzako ordezkariek eta ‘Bilbao Foroa Bake eta Adiskidetzearen alde” taldeko kideek sustatu eben ekimen sinboliko hau, helburu honegaz: Bilbao uriak bere historia eta kaleetan indarkeria terroristak hildako pertsona guztiak gogoan izan daizala.

Plaka, Francisco Javier Nuñezen omenez
Galo Bilbao bake eta bizikidetzaren aldeko foroko eta bake eta adiskidetzearen aldeko Bilboko Eleizbarrutiko batzordeko kidea lore-eskaintzan.

Francisco Javier Nuñez Fernandezen historia

Bilboko biztanlea, 1977.eko maiatzaren 15ean, alabagaz paseoan ebilela, polizia sakabanatzen ari zan amnistiaren aldeko manifestazinoagaz topo egin eban eta poliziak egundoko jipoia emon eutsan Egia jenerala kalean, bete atalondoan eta hiru urteko alabaren aurrean.

Egun bi beranduago, jasotako jipoiagaitik Justizia Jauregian salaketa aurkezteko asmoa agertuta, furgoneta batera igotera behartu eben eta han tratu txarrak emon eutsezan, umiliatu eta iraindu egin eben eta litro bat koñak eta beste litro bat errizino-olio edatera behartu eben. Gero, bere bizileku ingurura eroan eta lurrean botata itzi eben larri zaurituta.

2000. urtean, Ines Nuñez de la Parte bere alabak Gobernu Zibilera jo eban, 1999an onartutako terrorismoaren biktimen legeak babestu eian eskari-orria eskatzera. Egun horretan bertan, arratsaldez, berak eta amak heriotza-mehatxua jaso eben telefonoz ezezagun baten ahotik.

2012an Eusko Jaurlaritzak Francisco Javier Nuñez biktima lez autortu eban, poliziaren gehiegikerien biktimen aldeko kalte-ordainerako agindua onartu ondoren martxan jarri zan Balioeste-batzordearen bidez.

2021ean, 45 urte beranduago, Ines bere alabaren ahalegin nekaezinari esker, Francisco Javier Nuñez poliziak hil ebala autortu eban espainiar gobernuak eta adeitasuna erakutsi eutsan familiari.

Oroimenaren mapa Bilbon

Francisco Javier Nuñez Fernandezen oroimenez Bilbon jarritako plaka, terrorismoaren biktimak gogoratzeko jarritako bosgarrena da. Lehenengoa, 2022ko azaroan jarri zan, 1982an ETAk Begoña auzoan hil eban Angel Pascual Mugica Lemoizeko zentral nuklearreko egitasmo-injinerua omentzeko jarri zan.

2023ko irailean jarri zan hurrengoa, ETAk 1980.eko irailaren 13an, familiak Durangon eukan botikan lanean ari zala  hil eban Jose Maria Urquizu Goyoganaren oroimenez. Familiak eskatuta, Doña Casilda parkean jarri eben, leku hori oroimenerako eremutzat hartzen dalako hantxe inauguratu zan-eta biktimen aldeko monolitoa 2006an.

Joan dan martxoan ipini zan hirugarren plaka Kale nagusian, 1. zenbakian, Plaza Biribilaren ondoan, Benicio Alonso Gomezek lan egiten eban ‘Banco de Vizcaya’ egoan lekuan. ETAk hil eban bonba leherrarazoz, 1983.eko otsailaren 5ean.

Joan dan apirilaren 30ean, Fermin Monasterio Perezen oroimenezko plaka jarri zan Botika Zaharra plazan. Bilbotar hau ETA talde terroristako kide batek tiroz hil eban 1969.eko apirilaren 9an, eta berau izan zan ETAren lehenengo biktima zibila.

Ikur honeekaz osotzen dihardue “Bilboko Oroimenaren mapa”, Udalaren eta “Bilbao foroa bake eta bizikidetzarako” taldearen ekimenez, biktimen oroimenari eusteko eta indarkeria politiko eta terrorismoari lotuta uribilduan gertatu diran gertaerak kokkatzeko. Erahildako pertsona honeek ahaztea saihestu eta euren istorioak herritarrei agertu gura jakez. Horretarako, plaka guztiek dabe QR kodea eta honen bidez www.bilbao.eus udal webera sartzen da eta hantxe dago Oroimenaren Mapa leku nabarmenean.

Bilbao foroa bake eta bizikidetzarako

Foroa 2017.eko urriaren 16an sortu zan. Topakune eta lankidetzarako gune izan gura dau, terrorismoaren biktimei eta indarkeriari lotutako udal politika publikoak bultzatzeko. Errespetua eta bizikidetza lako balioetan sakontzeko lagungarri diran jardunbide eta egitarauak lantzea eta adostea da bere helburua. 

Abegi eta alkartasuna, erantzukizun eta konpromisoa eta tolerantzia eta desbardinaganako begiramena printzipioetan oinarrituta, Bilbao Foroak konpromiso honeek be baditu: “biktimak autortu, biktimakazko eta biktimen arteko hartu-emona eragin, gizarte eta politika adostasun zabala bilatu eta erakunde publikoakaz lankidetzan jardun terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztiak autortu eta babestuko dituan lege-esparrua garatzen jarraitzeko”.

La viuda y la hija de Francisco Javier Núñez Fernández realizando la ofrenda