18-02-2025 Martes, VI semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Kanpaien eskuzko joaldia, Zeanurin berreskuratuko dan ohitura
15.02.2025

Kanpaien eskuzko joaldia, Zeanurin berreskuratuko dan ohitura

San Balendin eguna dala-eta, datorren domekaz, otsailak 16, Andra Mari eleizako kanpaiei eskuz eragingo deutse eta Zeanuriko auzotarreek hori zuzenean ikusteko eta kanpai-hotsak entzuteko aukera izango dabe. Pedro eta Jose Antonio Lejarza anaiek berreskuratuko dabe galdutako ohitura hau, parrokiako azken kanpai-jotzaile izan zan Iñaki aitaren arrastoari jarraituz. Lehenengo joaldia goizeko 11:00etan izango da eta bigarrena 11:30etan, eta ostean meza ospatuko da. Ondoren, santuaren irudia prozesinoan eroango dabe Pietatea ermitara.

Zeanuriko Eleizondo auzoan, beste urte batez be, era berezian ospatuko dabe San Balendin eguna. San Balendin egunaren osteko lehenengo domekaz ohikoa danez, ohiko kokapenetik Pietatea ermitara eroango dabe santuaren irudia. Han, artea neurtuko dabe, azken 66 urteetan egiten dan lez. 

Aurton bada barritasun bat: ohiko ekitaldiez gainera, Andra Mari parrokiako kanpaiei eskuz eragiteko ohitura berreskuratuko dabe. 1994an egin zan hori azken aldiz. Hain zuzen be, azken kanpai-jotzailearen seme biek joko dabez kanpaiak. Gura dabenek kanpantorrera igoteko aukera dabe, kanpaiei eskuz eragiteko ohitura zuzenean ikusteko. Goizeko 11:00etan eta 11:30etan -mezaren aurretik- egingo dabe.

Kanpai-jotea, Ondare Kultural Immateriala

Eskuzko kanpai-jotea UNESCOren Gizadiaren Ondare Kultural Inmmaterialaren zerrendan dago 2022tik hasita.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoan hileta-ohikuneei eskainitako sailean jasoten da gure inguruko kanpai-hotsen hizkuntzari buruz. Tradizinoz, heriotza baten osteko kanpai-hotsek, “norbaiten heriotzaren barri emoteaz gainera, hildakoaren adinaren inguruko informazinoa be emoten eben”. Kanpai-hotsak entzunez, umea ala heldua, arra ala emea, abadea ala kofradia-kidea zan jakiteko era egoan.

Muskizen (B), herri gehienetan lez, eskuz joten ziran kanpaiak, hau da, ezkila-mihina eskuaz hartu eta kanpaiaren kontra kolpatuz. Dangadaren ostean, segundu batzuen buruan, kolpe gogor bi etozan emakumea bazan eta hiru gizona bazan.

Gotozikan, hil-tokadak lau neurri desbardineko kanpai bigaz egindako lau kolpe ziran; hauxe zan ordena: kolpe bat handiagaz, bi txikiagaz eta, azkenik, beste bat handiagaz. Batzuetan, kanpai biak batera joten ziran hiru danda gogor emonez hildakoa gizona zala eta bi emakumea zala adierazoteko.

Karrantzan, hildakoa emakumea zanean, hil-kanpaien amaieran danda bi joten ziran eta gizona bazan hiru.