06.06.2026

Kontzertua Arratzuko eleizan Jose Luis Lauzirikaren omenez

Bihar, Xemein abesbatzaren 50. urteurrenaren oroitzapenezko ekitaldietako bat ospatuko da Arratzuko Santo Tomas eleizan. Abesbatzak kontzertu berezia eskeiniko dau domekako mezaren ostean, fundatzaile eta lehenengo zuzendari izan zan Jose Luis Lauzirika Busturialdeko herri honetako semearen omenez.

Ekitaldiari hasiera emoteko, Eukaristia ospatuko da Arratzuko parrokian eta Markinako abesbatzak girotuko dau liturgia.

Ondoren, bertaratutakoek kontzertuaz gozatzeko aukera izango dabe. Honen bitartez, 1976an abesbatza sortu eban gizona gogoratuko da.

Kultur eragile bikaina

Ez a kasualitatea Arratzu aukeratu izana omenaldia egiteko. Lauzirika bertan jaio zan eta hantxe ekin eutson Bizkaiko musika koralean arrasto sakona iztera eroan eban ibilbideari. Gainera, irakasle izan zan Markina-Xemeingo orduko lanbide eskolan. Berak sortu eban Xemein abesbatza eta baita zuzendu be lehenengo urteetan. Abesbatzak berak oparotzat dauka sasoi ha.

Bere zuzendaritzapean, abesbatza arin hazi zan. Sortu eta urtebete ingurura, lehenengo kontzertua eskeini eban Begoñako Musika Astean, Bilbon. 1978an, 80 ahots inguru eukazan. Lauzirika izan zan Bizkaiko Abesbatzen Federazinoaren sustatzaileetako bat. Era berean, musika jarduera entzutetsuen garapenean parte hartu eban, besteak beste, Markina-Xemeinen 1980an ospatu zan lehenengo Euskal Musikastearenean.

Bere lanak

Urte hareetan, Xemein abesbatzak konplexutasun handiko errepertorioak eta beren-beregi beretzat sortutako piezak interpretatu ditu, besteak beste, Aita Jose Domingoren Misa en euskera eta Ixil Ixil, Anton Larrauriren Durundu edo Lauzirikak berak konposatutako Kontrapas.

Zuzendaria 1981ean hil zan, baina bere itzala handia da gaur egun be taldean. Horregaitik, Xemein abesbatzak omenaldia eskainiko deutso bere jaioterrian, bere sorreraren 50. urteurrena ospatzeaz batera.

Eskualdeko musika koralaren garapenean eragin handia izan eban gizona gogoratu eta autorpena eskeiniko deutsoe musikaren bidez.

Santo Tomás de Arratzu