San Anton eleiza, Bilbao uriaren bihotz eta ikurra, Espainiako esperientzia murgiltzaileen sarean sartu dabe.

Joan dan astelehenez, 4.0 espedizinoa Erdi Arora egitasmoa aurkeztu zan Madrileko Artxibo Historiko Nazionalean. Zazpi autonomia erkidegoko 13 leku esanguratsu lotzen dituan ekimen kultural eta turistikoa lotzen dauan ekimena da. Estatuan erdi aroko gizartea zelan eratu zan ezagutzea da bere helburua.
Jordi Hereu Industria eta Turismoko ministroak parte hartu eban ekitaldian, hainbat eleizbarrutitako erakunde, akademia eta eleiz ordezkariak batu ziran. Bilboko eleizbarrutitik Kerman Lopez bikario nagusia, Gaspar Martinez kultur ondasunetarako arduraduna, Anabella Barroso Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboko zuzendaria eta Iñaki Ruiz de Balugera Butzlanekoa izan ziran.
San Anton uztailean barrituko da
Uztailetik aurrera, San Antonerako bisita aldatu egingo da, ikus-entzunezko teknologia murgiltzaileen bidez egiteko aukera izango da-eta. Gainera, gailu mugikor edo tableten bidez jadesteko moduko edukiak, argiztapen artistikoa eta soinu-girotzea gehituko dira, erdi aroko uriaren bizitza atzemateko. Gainera, korua zabalduko da bisitetarako.
Esperientziak ibilbidea askatasunez egiteko aukera emongo dau, argi, soinu eta kontaketaren bidez leku horretatik Bilbao zelan sortu zan ezagutzeko. Kaleak, merkatua, alkarbizitzarako lekuak… itsasadarraren inguruan zelan antolatu ziran ezagutuko da. Erdi Aroko bizitza artikulatzeko balio izan eban lehenengo zubia be erakutsiko da.
Bilbao uriaren jatorria agirietatik
San Anton leku estrategikoa da Bilbao uriaren sorreran. Ez zan eleiza izan bakarrik: topagunea, batzarrak egiteko lekua eta alkarte osoaren erreferentzia sinbolikoa zan. Bere inguruan hartzen ziran erabaki garrantzitsuak eta hartu-emonak estutzen. Fedea, boterea eta bizkidetza eskutik agertzen ziran leku horretan.
Bizkaik Eleizaren Historia Artxiboak, Anabella Barrosoren eskutik, aurkezpenean parte hartu eban eta funtsezko izan da bisitaren kontaketari eusteko.
Artxiboan dagozan agirien artean, Libro de registros originales de fuesas o encajonado de sepulturas de la parroquia de San Antonio Abad de Bilbao nabarmentzen da. Larruki-eskuizkribu ikusgarria da eta bertan 1503tik 1666ra parrokian hobiratutako pertsona guztien izenak jasotzen dira.
Gaur egun Icaro zentroko erakusketa iraunkorrean dagoan agiri honek agertzend au zenbaterino eragiten eban Eleizak erdi aroko gizartearen bizitzan. Hain zuzen be, eleiz legeriak hobiratzeen modu, leku eta mota arautzen eban, baita ospatzen ziran hiletak eta abadeei emon beharreko ordainsariak. Bilboko bizilagunak tenpluan bertan hobiratzen ebezan. Jarduera hau ohikoa zan XVIII. gizaldia ondo aurreratuta egoanean be.
Zazpi autonomia erkidegoren egitasmoa
4.0 espedizinoa Erdi Arora ekimena zazpi autonomia erkidegoko zortzi eleizbarrutiren lankidetzaren emaitza da. Toledo, Granada, BUrgos eta Iruñako artxidiozesiak eta Plasencia, Jaka, Barbastro-Monzon eta Bilboko eleizbarrutia dagoz tartean. Bilbotik koordinatu da egitasmoa Ondaregune ahaldun bakarraren bidez. Gainera, miloe bat euroko inbertsinoa egin da, Industria eta Turismo Ministerioak ‘Esperiencias Turismo España’ eta Next Generation EU europar funtsen bidez, finantzatuko dauan kopurua.
«El futuro del turismo tiene que estar presidido por la autenticidad, por aquello que convierte a cada territorio en algo único», esan eban Hereu ministroak. Bere esanetan, egitasmoa «un patrimonio de enorme interés cultural y religioso, profundamente ligado a nuestras raíces y a la historia de nuestros territorios» aukera bikaina da.
Vicente Rebollo Mozos Tarazonako gotzain eta Kultur Ondarerako Espainiako Gotzainen Batzarreko Azpibatzordeko kidea be izan zan aurkezpenean, baita Belen Luque Herran Jakako Eleizbarrutiko Museoko zuzendaria eta Ana Echevarria Arsuaga UNEDen Erdi Aroko Historian karedradun dana be.







