27-04-2024 Sábado, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Kooperak ehun-tratamendurako bigarren instalazinoa zabaldu dau
29.11.2023

Kooperak ehun-tratamendurako bigarren instalazinoa zabaldu dau

Bizkaiak kontsumitu osteko ehun-tratamendurako bigarren instalazinoa dau, hain zuzen be, gaur, Mungian inauguratu dan 'Koopera Reusing Center II'. Koopera Caritas laneratze eta gizarteratzerako estatuko enpresarik handienak, baztarketa jasaten daben edo jasateko arriskua daben pertsonak laneratzeko eskaintza babaldu egin dau 3.368 metro karratuko instalazino barri honegaz. 

Eusko Jaurlaritzako, Mungiako Udaleko, Bilboko Udaleko, gizarte ekonomiaren eta ingurumenari lotutako sentsibilizazino eta barrikuntzaren arloko hainbat ordezkarik parte hartu dau, gaur, Caritas Kooperaren instalazino barrien inaugurazinoan..

Caritasen egitasmoa

Kooperak 365 langile ditu Bizkaian. Instalazino barria zabaltzean, 45 lanpostu barri sortu dira. Aurreikusitakoaren arabera, 2024an bigarren txanda ezarriko da eta, ondorioz, beste 11 langile gehiago izango da. Lanpostu honeen erdia inguru gizarte bazterketa jasaten daben edo jasateko arriskua daben pertsonei zuzendutako gizarteratze-kontratuari lotuta dagoz. Pertsona horreek, Kooperan jardun eta gizarte-lan heziketa eta gaikuntzarako prozesua burutu ondoren, lan-merkatu arruntean txertatzeko gauza izango dira. 

Hornidura bigarren eskuko dendei

Ekoizpenaren aldetik, azpiegitura honi esker, Kooperak ahalmen handiagoa izango dau kontsumitu osteko ehunak sailkatzeko. Urtean 2.500 tona baino gehiago jasoten da bere kontainerretan eta aurrerantzean tratamendu hobea emongo deutse sailkapen erdiautomatizaturako linea barriari esker. Linea barri hau funtsezkoa izango da, kooperatibaren apustu nagusiaren haritik, lekuko berrerabilpen-mailak gehitzen jarraitzeko, ipar inguruko, hau da, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Asturiaseko Koopera Store bigarren eskuko erropa-dendak hornituko ditu-eta. Datozan asteetan zabalduko da Koopera Store denda barria Santutxu bilbotar auzoan, hain zuzen be, lurraldeko 12.a.

Historia

Koopera Caritasen gizarte egitasmoa da. Irabazi asmo bako erakunde hau gizarte ekimeneko kooperatibek eta gizarteratze-enpresen osotzen dabe eta gizarte bazterketa jasaten daben edo jasateko zorian dagozan pertsonen gizarte-laneratzea da bere helburu edo egitekoa. Horretarako ingurumen-zerbitzurako jarduerak, berrerabilpena eta birziklatzea, kontsumo jasangarria, heziketa, pertsonen aldeko arreta eta beste hainbat jarduera sustatzen dabe.

Koopera Caritas Española erakundearen ‘Moda re-‘ ekimenaren barruan dago. Estatuan, ehun-berrerabilpen eta birziklatzerako 40 egitasmo baino gehiago batzen ditu eta 130 denda inguru ditu 90 uritan.

Gaur egun, Kooperak 650 langile inguru ditu eta %55ak gizarteratze-kontratua dau. Caritseko 500 boluntario ingururen laguntzari esker eusten jako egitasmoari.

Caritas Gernikaldea ‘modan’

Caritas Gernikaldea taldea martitzenez batzen da joskintza-tailerrean poltsak, Gabon honeetarako opari solidarioa, josteko.

Poltsak Caritas Gernikaldea
Poltsak Caritas Gernikaldea

Un momento de la inauguración de la planta hoy en Mungia