Iazko abenduan bikario nagusiaren eta lurralde bikarioen karguak barritzeko martxan jarritako azterraldiaren ostean, Gotzain Kontseilu barriak hilabete honetan ekingo deutso bere ibilbideari. Gotzain Kontseiluak, gotzaina buru dala, irailaren 15ean ospatuko dau kurtsoko lehenengo batzarra.

Honeen dira Gotzain Kontseiluko kide barriak: Carlos Olabarri Etxebarria, IV. bikaritzako lurralde bikarioa, Alex Alonsoren lekua hartuko dauana. Gaur egun, Olabarri Arratia Pastoral Barrutiko moderatzaile da, Penitentzia-kalonjea, Ministerio Ordenaturako Idazkaritzako zuzendari izan da, eta Abade-etxeko zuzendari eta Seminarioko heziketa-taldeko kide be bada.

Borja Uriarte Corral VI. bikaritzako lurralde bikarioak Felix Larrondoren lekua hartuko dau. Uriarte Areeta-Romo Pastoral Barrutiko abadeen taldeko kide da eta Seminarioko gidari espirituala.

José Agustin Maiz Alcorta, V. bikaritzako lurralde bikarioak Jose Mari Kortazarren lekua hartuko dau. Maiz Lekeitio, Mendexa, Amoroto, Ispaster eta Gizaburuagako parroko da. 2011 eta 2021 bitartean, IV. eta V. bikaritzetako lurralde bikario izan zan.

Inmaculada Loroño Ormaetxea. Gotzainak V. bikaritzako pastoral koordinazinorako ordezkari izendatu dau. Gaur egun, Loroño “ospatzaile” da Morgan eta abadeen Gernikaldea Pastoral Barrutiko abadeen taldeko eta pastoral batzordeko kide, Mendialdea inguruko “ospatzaileak” ordezkatuz.
Kurtsoko zenbait urteurren
Hastear dan 2026-2027 kurtsoan, hainbat erakunde eta alkartek urteurren esanguratsuak ospatuko dabez.
Caritas Bizkaia erakundeak 70 urte bete ditu. Hirurogeta hamar urte ahuleziazko egoeran dagozan norbanako eta familien alde eginez. Azaroan ospatuko dau ekitaldi nagusia.
Gainera, Bizkaiko Eleizaren agiri-oroimena jagoteko eta jentearen eskura jartzeko funtsezko erakundea dan Eleizbarrutiko Artxiboak 50 urte beteko ditu. Eta eleizbarrutiko kultur eta heziketari loturako eremu dan Eleizbarrutiko Seminarioko liburutegiak 70 urte ospatuko ditu.
Hilabete honetan, gainera, hain zuzen be irailaren 19an, Berrizko Mesedetako Misiolariak euren lehenengo misino-urteeraren mendeurrena ospatzen hasiko dira.







