02-05-2024 Jueves, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko asteko barriak
25.06.2023

Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

‘Astekoak’ sailari hasiera emoteko, webean egin zan iragarpena: 2023-2024 kurtsoari hasiera emongo deutsan Goazen! ekitaldia   irailaren 30ean ospatuko da, Markinan.

Kurtsoko azken Gotzain Kontseiluan erabaki zanez, biharamunean, urriaren 1ean, kurtso hasiera hori alkartez alkarte ospatuko da, Bizkaiko Caritasen eta parrokien alde egingo dan kurtsoko lehenengo kanpainagaz batera. 

Filipinak eta Kongoko E.D.

Webean jakitera emon danez, Jaione Lopez misiolaria Filipinetara joango da.

Joan aurretik, uztailaren 4an -martitzena-, Berriotxoako San Balendin Bizkaiko zaindarietako baten egunez, On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala ospatuko dan eleizkizunean egingo da misino-bialketa. Urte bi igaroko ditu Filipinetan, Manilan, eta Berrizko Mesedetako Misiolarien alkartean biziko da eta hareen eskutik jardungo dau.

On Joseba Segura Bilboko gotzainak Kongoko Errepublika Demokratikoan egiten diharduan bisita be nabarmendu da webean.

Iñigo Iriarte “Goicouria” eta “Mufungaren Adiskideak” fundazinoetako laguntzailea dago beragaz. Kongoko Errepublika Demokratikoan 57 urte daroazan Xabier Goicouria misiolariak egin eutsen harrrera, bera bisitatzera eta berak kudeatzen dauan hainbat egitasmo ezagutzera be joan dira-eta. Bidaia honen testuingurua, Euskal Eleizbarrutietako Misinoen 75. urteurrena da.

Uztailaren 1ean bueltatuko dira

Afrikar kontinenteari lotuta, ekainaren 23 eta 24an ospatutako Afrika-Ermua jardunaldiaren barri be emon da webean. 

Ermuko afrikarren alkarteek antolatu dabe jardunaldia, Euskal Eleizbarrutietako Misinoakaz eta Immigrazino eta Nazinoarteko Lankidetzarako Udaleko sailagaz batera. 

HOAC

HOAC mobimentuari lotuta, Marimar Gonzalez Konpromisorako arduradun izendatu dabela eta Lau urtez Madrilen biziko dala jakinarazo da webaren bidez.

Eleizbarrutiko Osasun Pastoraltzan, hain zuzen be Santa Marina Ospitalean zerbitzu erlijiosoa koordinatuz, hainbat urtez zerbitzatu ondoren, Marimarrek aldi barriari ekingo deutso. 

San Joan eta San Pedro

Gure lurraldean oso sustraituta dagozan San Joan eta San Pedro egunen ingurukoak be jaso dira webean.

Eleizbarrutiko asteko barrien artean, Gaztelugatxeko San Joan ermita ospetsuan santuaren omenezko egunez ospatuko diran mezak be aitatu dira. Gainera, Alkarren Barri-Comunicación aldizkariak BIzkaiko ermiten barri emon dau kurtso honetan. Ekainari dagokion alean, ekainekoak diran San Joan eta San Antonioren izenpeko ermitak dabezan 24 herri kokatu dira mapan.

Webean jaso danez, San Pedro eta San Paulo egunez (ekainak 29), edo egun honetatik gertuen dagoan domekaz (aurton, ekainaren 25ean), ospatzen da urtero “San Pedroren Oboloa”, “Aita Santuaren karidadearen munduko egun” lez be ezagutzen dana.

Hori dala-eta, Kerman Lopez bikario nagusiak oharra idatzi dau, besteak, beste, azalduz: “Gotzainak, bere Gotzain Kontseiluagaz batera, agindutako diru-batze hau eranstea erabaki eban (orain dala urtebete), bizkaitar alkarte katolikoari, Aita Santuaren alde otoitz egiteaz gainera, ebanjelizatzea adoretzen eta beharrizan larrian dagozanei laguntzen jarraitu daian berari laguntzea dagokiola jabetu daiten eta horren kontzientzia hartu daian”.

Bizian Gora

Gainera, Bizian gora – Vida Ascendente nagusien mobimentuak kurtso amaiera ospatu dauala jakinarazo da webean.

Batzarra amaitzeaz batera, mobimentuko hainbat taldek prestatutako Eukaristia ospatu eben, Juan Angel Axpe kontsiliarioa buru zala eta taldeetan laguntzaile lez diharduen Aita Martzel Andrinua, Jose Gomez eta Joserra Muerza alkar-meza emoten zirala.

Tomi Rodriguez Eleizbarrutiko presidenteak azkenean adierazo ebanez, “egun pozgarria izan da eta kurtsoan zehar egindako jardueren inguruko eretxiak eta taldeen bizipenak batera jarri ahal izan doguz”.

Migrazinoetarako Pastoraltzak antolatutako biltzarra

Webean jakitera emon danez,, 500 lagunek parte hartu eben Urkiolan, ekainaren 24an, Migrazinoetarako Pastoraltzak antolatutako biltzarrean.

Aurreko urteetan lez, hainbat Eleizbarrutik parte hartu dau Migrazinoetarako Pastoraltzak antolatutako ekitaldian: Donostia-San Sebastian, Kalagurri-La Calzada eta Logroño, Vitoria-Gasteiz, Iruña-Tutera eta Bilbao. Marije Calvo Migrazinoetarako Eleizbarrutiko saileko arduradunak azaldu dauanez, “Eleizbarruti ahizten arteko senidetasuna eta Eleiza osatzen dogun guztion arteko batasuna sustatzea da topaketa honeen helburu nagusia”.

Bizkaiko Caritasen Diapāson egitasmoak antolatuta, kontzertu solidario bi ospatu dira aste honetan webean iragarri danez: Lehenengoa, Getxoko Santa Ana parrokian eta bigarrena, Bilboko San Anton parrokian.

Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barrien laburpena.