22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Osasun-sailburua, Gizakiaren instalazino barrituetan
16.03.2023

Osasun-sailburua, Gizakiaren instalazino barrituetan

Gizakiak Gordexolan dauan alkarte terapeutikoak gizarte erakunde laguntzaileetako hainbat ordezkariren eta herri eta eleiz agintariren bisita jaso dau gaur, Gotzone Sagardui Osasun-sailburua eta Joseba Segura Bilboko gotzaina buru izan diralarik. Orain dala 35 urte inguru hasita, mendetasunak dabezanei osoko arreta eskaintzen deutsen erakundeko zuzendari dan Estibaliz Barronek gidatu dau bisitaldia, barriztatu barri dabezan instalazinoak agertzera emonez, eta Kaidadearen Alabaei, Gordexola herriari eta zentroko beharginei esker ona adierazoz euren konpromisoagaitik. Erakundea, gainera, zorioneko da merituari emoten jakon Drogei buruzko Egitasmo Nazionalaren Urrezko Domina jaso dau-eta.

1987an, Karidadearan Alabak Gizakiaren esku itzi eben alkartearen egoitza zan Gordexolako eraikina. Harrezkero eta 2022ra arte, mendekotasunak daezan pertsonei osoko arreta eskaintzen deutsen erakundeak 2.800 lagun ingururi eskaini deutse laguntza egoitza-bitarteko honetan.

Gaur, instalazinoak barriztatu ondoren, Gotzone Sagardui osasun-sailburuak, On Joseba Segura Bilboko gotzainak, Angela Egia udalerriko alkateak, Carlos Bargos Fundazinoko presidenteak, Ernesto Bilbao parrokoak eta hainbat erakunde laguntzailetako ordezkariek bisita gidatua egin dabe.

https://twitter.com/DiocesisBilbao/status/1635971695847649281?s=20

49 leku eskaintzen dituan bitartekoa

Gordexolan, mendekotasunen bat jasaten daben pertsonei 24 orduz lagun egiten jake. Estibaliz Barron zuzendariak azaldu dauanez, “lehen, bitarteko honen bidez, 80 laguni be eskaintzen jakon arreta, baina, denporaren buruan, gitxitu egin da erabiltzaileen kopurua. Itxarote-zerrenda dago”. Bere esanetan, arreta jasoten daben pertsonek kontsumoari lotutako hainbat patologia dabe. “Hasieran, heroina zan, baina, orain, era guztietako mendetasunak dagoz”.

https://twitter.com/DiocesisBilbao/status/1635972322837274624?s=20

Sailburuak administrazino publikoaren eta Gizakia lako Eleizaren erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu dau.

https://twitter.com/DiocesisBilbao/status/1636026252237627393?s=20

Gotzainak, bere aldetik, erakundea marxan jarri zanetik gaur egunera arte langileek erkutsi daben egokitzeko gaitasuna eskertu dau eta gogora ekarri ditu heroinak baltzitutako sasoi hareek. “Gogoan dot, bereziki, Ekuadorretik bueltan, Otxarkoagan ezagutu neban eta bere seme-alabetako lau galdu ebazan emakumea”, azpimarratu dau.

https://twitter.com/DiocesisBilbao/status/1636024544015142915?s=20

Osasun-ministerioaren Urrezko Domina

Gizakiak, Drogei buruzko Egitasmo Nazionalak merituari emoten deutsan Urrezko Domina jaso eban joan dan otsailaren 28an. Ez eben sari hori espero eta poz handiz jaso eben. 

Ekitaldian, Carolina Darias osasun-ministroa izan zan buru eta beragaz egon ziran Silvia Calzon Osasun arloko Estatu-idazkaria, Isabel Goicoechea Barne-arazoetako ministerioko idazkariordea eta Joan Ramon Vilalbi Drogei buruzko Egitasmo Nazionalerako Gobernu-ordezkaria. 

Gizakia Fundazinoari Urrezko Domina emon eutsen, “gaztetxoek izan daikiezan jokaera arriskutsuak prebenitzeko eta mendetasunei osoko arreta eskaintzeko egin dauan lanagaitik”. Gure urietan, drogek eta mendetasunek dakarrezan arazoez josita dagozan auzoetan bertan jarduten dauala nabarmendu eban ministroak eta garrantzia emon eutsan beste honi be: pandemia indarrean zanean, erakundea moldatu eta urkeztu jakozan egundoko erronkei erantzuteko gauza izan zala, gertu egoteagaitik muturreko baldintzetan esku-hartu eben lekuko zerbitzuen erantzuteko gaitasuna agertzera emonez. 

https://www.flickr.com/photos/68132755@N08/albums/72177720306753583
Gizakiaren Gordexolako zentro terapeutikora egindako bisitaren irudiak