Eguneko irudiak:
Jardunaldiari hasiera emoteko, mahaia eratu zan, “hedabideetan AA erabiltzearen inguruan baterako gogoeta egiteko”. Mahai hori ez dago itxita eta posible da atxikimendu barriak izatea. Gai honen inguruan arlo honetako norbanako eta enpresagaz azterketa eta gogoeta egin ondoren, danen artean agiria adostea da beronen helburua. Atzo aurkeztu zan lehenengo zirriborroa, lanari ekiteko oinarrizko hainbat jardunbidegaz.
Dorleta Alberdik (komunikabideetarako Biboko Eleizbarrutiko zuzendaria), Amaia Goikoetxeak (Kazetarien Euskadiko Alkarteko eta Kolegioko dekanoa) eta Javi Onaindiak (Bizkaia irratiko eta Radio Popular-Herri Irratiko zuzendaria) aurkeztu eben egitasmoa, hedabideetan ezinbestekoa dan eztabaida eragin gura dauan “lehenengo urratsa” dala nabarmenduz. Lantalde honen jentaurreko aurkezpena izan da eta berari atxiki jakoz hasieratik, Kazetarien Euskadiko Alkartea, Kazetarien Euskadiko Kolegioa, Radio Popular-Herri Irratia eta Bizkaia Irratia, Berria, El Correo, Cadena Ser-Radio Bilbao eta COPE Bilbao. Idatzizko hainbat hedabidek aurrerago bat egingo dabela adierazo eben eta Vitoria-Gasteiz eta Donostia-San Sebastianeko eleizbarrutietako komunikabideetako sailetako arduradunek be sinatu eben atxikimendua.
Ibilbidearen hasiera
Komunikabideetako erredakzinoetan gero eta txertatuago dagoan Adimen Artifiziala aliatu ona izan daiteke, eguneroko lan asko erraztu egiten daualako: datu-bilketa, barrien banaketa, transkripzino automatikoak… Baina bitarteko teknologiko hau inongo kontrolik barik erabiltzeak arriskuak ekarri leikez: informazino partziala, egiaztatu bako datuak, barri faltsuak, pribatutasun-eskubidearen urraketak… Gogoetarako talde hau sortu da, hain zuzen be, “jaruera txarretatik eratorri daitekezan eragin negatiboak aurretik arindu ahal izateko”.
Atzokoa, prozesu ireki baten lehenengo urratsa izan da eta ibilbide horretan, aniztasuna eta partaidetza sustatu gura dira, kide barriak erakarriz. Ekimenaren bultzatzaileak askotariko eragileakaz hartu-emonean jarri dira, taldeagaz bat egiteko dei eginez, ahalik eta jente gehienen partaidetza dalako helburu.
Dekalogoaren printzipio nagusia hurrengo hau da: komunikabideetan AA erabili ezkero, nahitaezkoa dala ezarri aurretik hareetarako aldarrikatutako kode deontologiko eta etikoak betetzea. Gainerako puntuak honeek dira: Fidagarritasuna, Egiletzaren gardentasuna, Trazabilitatea eta egiaztagarritasuna, Algoritmoen identifikazinoa informazino-kate osoan, Kate algoritmiko ororen berme dentologikoa, Segurtasuna, Pribatutasuna, Ikuskapena, Heziketa.
Ekitaldi nagusia
Ekitaldiko hasierako berbaldian, Jose Antonio Lozanok, Konputazinoaren Zientzietan eta Adimen Artifizialean aditu danak, gaiari buruzko ikuspuntu orokorra eskaini eban. Amaia Goikoetxea Kazetarien Euskadiko Kolegioko eta Alkarteko dekano eta presidenteak moderatu eban Adimen Artifizialaren eta, orokorrean, gizartean eta, beren-beregi, komunikabideetan puntarengo teknologiek ikuspuntu humanistatik dakarrezan aldaketen inguruko jarduna. Josep Lluis Micok, Leticia Soberonek, Daniel Innerarityk eta Xabi Uribe-Etxebarriak bakotxak bere arlotik emon eban ikuspuntua.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura-sailburuak eta On Joseba Segura Bilboko gotzainak emon eutsen amaiera ekitaldiari. Osorik: Hemen
Solasaldia Mico eta Soberonegaz
Arratsaldez, goizez be jardun eben Josep Lluis Mico eta Leticia Soberonek Barrian ospatu zan ekitaldian parte hartu eben. Hogeta hamar lagun batu zan Estrella Moreno Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuko (ETPI) zuzendariak gidatu eban saioan.
Soberonek azaldu ebanez, komunikatzaileek ikus-entzuleak banatu egin behar dabez, multzo bakotxera ze bidetatik iristen diran jakiteko, zer behar daben jakinda: “berariazko bideak dagoz”, esan eban. Jentearengana zuzendu aurretik, hezi beharra dagoala esan eban, “bitarteko bakotxak bere hizkuntza” dau-eta. Bere esanetan, komunikabideek lekuan lekuko pastoraltza dakarre gogora: “ezinbestekoa dogu, azkenean, norbaitek besarkada emongo deuskula jakitea.Alde mediatikoa eta alde fisikoa lotu egin behar doguz”.
Unibertsitatetik egin izan dan hainbat azterlan aitatu eban Micok, kasu batzuetan, erantzun birtualak eskaini izan diran eremuetan, “azkenean jenteak buruz buruko topaketa eskatzen dau, hau da, alkartzea”.
Soberonen ustez, “gure egitekoa, zubi izatea da”, horixe da erronketako bat, “zubi izan, teknologiaren aurrean bildurrik ez izan eta pertsonen ona bilatu”. Eleizan, “buruz-buruko hartu-emona dogu gustuko. Gure sinisgarritasunaren ardatza da”, baina tarteka beste hainbat aukera be txertatu daiteke.
Biek nabarmendu eben ezinbestekoa dala “mezulariak bizi dauana eta bizi dauanaz dinoana” bat etortea eta hutsegiteetatik ikastea: “ia zuzenketarik egiten ez dauan erakundea aldendu egiten da herritarrengandik”.