22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Martxoko aldizkari digitalak Gorbeiako kurutzeraino garoaz
01.03.2023

Martxoko aldizkari digitalak Gorbeiako kurutzeraino garoaz

Gaur argitaratu da Eleizbarrutiko aldizkariaren martxoko alea euskarri digitalean. Garizuma-aldiari ekinda, azalak Gorbeiara igoteko dei egiten deusku. Elurtutako gailurrean, eguzki-izpiez argitutako kurutzearen aurrean geratuko gara. Testuinguru ederra, otoitz egiteko, hausnartzeko eta bihotz-barritzera garoazan aldi honetan murgiltzeko. Erdiko orrialdeetan, aurton, martxoaren 8an, Eleizbarrutiaren autorpena jasoko daben 8 emakumeak agertzen dira.  Euron bitartez, askotariko zerbitzuetan Bizkaiko Eleizaren alde konprometituta dagoan makina bat emakume autortu gura da.

 

 

Martxoaren lehenengo egunean, Eleizbarrutiko aldizkaria euskarri digitalean eskuratu daiteke. Gaur, martxoak 1, 32 orrialdetan, askotariko barriak jadetsi daitekez multimedia euskarrian, bideo eta audioakaz. Aleari hasiera emoteko, gotzainak Hausterre-eguneko eleizkizunean egin eban homiliaren zatia jasoten da. Bertan, gotzainak barau, limosna eta otoitzaren zentzua azaldu eban, esanez: “ez dira berehalako emaitzak lortzeko balio daben errezeta sofistikatuak”. Honen haritik, bitartekoek helburu bat lortzeko balio deuskuela esan eban: “Jaunak eskatzen deuskuna hobeto entzun”. Otoitz egitea, “neure bizitzara zuzendutako hitza” sentitzea da; limosna emotea, “ondo egiten danean, geuregandik zeozer emotea da”, eta norabide bietara funtzionatzen dau. Gotzainak banatzeko askotariko eren garrantzia azpimarratu eban, diru-baliabideak banatzeaz gainera, beste hainbat gauza banatu daikegula azalduz: “geure denpora, sufritzen dagozanak bisitatus, bakarrik dagozanei lagunduz…”. Honetan sakonduz, hauxe esan eban: “ondo egiten danean, limosna keinu askea da irabazi eta interesak baldintzatutako munduan”.

 

On Joseba Segura gotzainak aldizkariaren martxoko alean jasoten dan homilian azaldu ebanez, Garizuma-aldiko baraua, “esnatu egiten gaituan eta Jainkoaren eta lagun hurkoaren aurrean erne egotera garoazan eskola da”. Gotzainaren esanetan, esker oneko erantzuna da, “normalean gozatzen dogun guztiagaitik”. Baraua, “zure prestasuna, zure nahia, ‘Jainkoaren aldeko gauza handiagoren’ bat egiteko gaitasuna neurtzen dauan probaren antzekoa da”.

Martxoaren 8an, omenaldia 8 emakumeri

Hilabete honetako aldizkari digitala aurkezten da web orrialdean. Gaur, martxoak 1, kaleratu da multimedia euskarrian 32 orrialdeko aldizkaria, bideo eta audioakaz. Ale honetan, besteak beste, martxoaren 8an Eleizbarrutiaren omenaldia jasoko daben zortzi emakumeen ingurukoak eta Alberto Jaimezi beilatokietako pastoraltzari buruz egindako alkarrizketa irakurri daitekez. Gainera, Bake Topaketako jarduerak be aitatzen dira eta 75. urteurrena ospatzen diharduen Euskal Eleizbarrutietako Misinoen historia.

 

Aldizkariaren ohiko silen artean, Labayru Fundazinoak Ondarroako emakume enpakatzaileen istorioa kontatu dau. Eleizbarrutiko Artxiboak, bere aldetik, beste sasoi batzuetako emakumeengan eta eleizetan egozan murrizketetan jarri dau arreta. Eleizbarrutiko Liburutegiko Jaime Lopez Eguilazek galdera honi erantzun deutso: Nor izan zan ‘Quaresma’ liburuaren egilea?. Eleiz Museoaren eskutik, HIrukoiztarren Algortako eleiza bisitatu eta bere arrosa-leiho berezia ikusi daikegu. 

Barri honeek eta beste hainbat aldizkari digitalean.

 

Urtean 16 euro ordainduz etxean jaso gura badozu, eskatu hemen.