01-05-2024 Miércoles, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Migrazinoetarako Eleizbarrutiko Mahaiak Greziako “giza zoritxarra” salatu egin dau
16.06.2023

Migrazinoetarako Eleizbarrutiko Mahaiak Greziako “giza zoritxarra” salatu egin dau

Europaren atarian sekula gertatu izan dan hondoratzerik latzenetakoaren aurrean, Migrazinoetarako Mahaia osaten daben erakundeek (Bizkaiko Caritas, Ellacuria Fundazinoa, Bidesari, Itaka-Eskolapioak, Oblatak, Migrazinoetarako Pastoraltza, Karidade eta Zuzentasunerako, Ekumenismorako eta Fede-zabalkunde eta Katekesirako Eleizbarrutiko Ordezkaritzak, Latinoamerikar, Afrikar eta Txinatar Alkarteak) etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidegabekeriak salatu dabez. Erakundeok azaldu dabenez, "oraingoan be, salbamendua beranduegi iritsi da", eta, beste behin be, zera eskatzen dabe: "ezabatu daitela pertsonen salerosketa eta biktimek, batez be emakume eta umeek, babesa jaso daiela".

Erakundeek Grezian gertatutako etorkinen heriotzak salatu egin dabez. arren eskatzen deutse Batasun Europarreko Batzordean, eta beste hainbat mailatan, legeak egin eta erabaki politikoak hartzen dabezanei pertsonen eskubideak eta duintasuna errespetatu daiezan eta asilo eskariei benetako erantzuna emon deieen”.

Era berean, Eleizaren erakunde lez, “errealidade honen erantzuletzat” dabe euren burua, heriotza bakotxaren atzean, biziak dagozalako.

Oharrean jasoten danez, behin eta barriro ikusten dogu “atsekabez eguna joan eta eguna etorri errepikatu egiten dan zoritxarra, etorkizun hobearen bila diharduen eta, migratzeagaitik jazarpena, iruzurra, deportazinoa eta heriotza jasaten dauan hainbeste pertsonaren zoritxarra”.

Hurrengo ‘Bizkaia isilik’ bilkura

Ekainaren 28an, eguaztenez, ospatuko da bilkura ‘Bizkaia isilik’ ekimenaren eskutik eta orduan be salatuko dabe zoritxar hau. Bilbon, Balmasedan, Getxon, Durangon, Barakaldon, Portugaleten eta Galdakaon batuko dira “pertsonarik ahulenei ahotsa ipinteko eta mundu zuzenagoaren alde garrasi egiteko’.

Oharraren amaieran, Frantzisko aita Santuak 2021ean Grezian esandakoa eta, zoritxarrez, gaur egun indarrean dagoana, jaso dabe:

“Ez daigun onartu itsasoa heriotzaz eta samintasunez betetako itsaso bihurtzea. Ez daigun onartu alkargune hau gatazkaz betetako gune bihurtzea. Ez daigun onartu oroimenen itsasoa ahaztutako itsaso bihurtzea. Anai-arrebok, arren, geldiarazi daigun zibilizazinoaren hondoratze hau”, Frantzisko Aita Santua (2021eko abendua, Grezia).