23-04-2024 Martes, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 On Joseba Segura gotzaina: “Misinoa bizirik da gaur be”
20.03.2023

On Joseba Segura gotzaina: “Misinoa bizirik da gaur be”

Atzo, Garizuma-aldiko laugarren domeka, On Joseba Segura Bilboko gotzain eta Euskal Eleizbarrutietako Misinoetarako gotzain ordezkaria buru izan zan, Santiago katedralean eguerdiz ospatu zan Eukaristian. Hasieran esan ebanez, "aparteko eran gogoratu gura dogu 2023 honetan, 75 urte beteten dirala euskal Eleizbarrutiek misino-abenturari ekin eutsenetik". Gotzainak gogoratu ebanez, orduan, 1948an, bakarrik Gasteizko Eleizbarrutia egoan. Gotzainaren esanetan, "Euskal Eleizbarrutietako MIsinoen 75. urteurren hau Jainkoari eskaini gura deutsagu eta esker ona adierazo gura dogu gure misiolariak, abade, erlijioso eta laiko, iritsi ziran herriakaz batera bizi izandako hainbat esperientziagatik eta guzti horrek ekarri deuskun aberastasunagaitik". Eukaristia osorik: hemen

Homiliaren hasieran, On Joseba Segura gotzainak gogoan izan ebazan zapatuz Ekuadorren izan zan lurrikararen biktimak.

Eleizbarrutietako Misinoen 75. urteurrena

Atzera egin eta misinoen hastapenetara joz, 1948an Ekuadorreko Los Riosera abiatu ziran lehenengo 8 abadeez hitz egin eban. Han, azaldu ebanez, “Barri Ona zabaltzeko ardura eben. Behartuta egozan, jenteak bateaoa hartzen ez baeban, kristau alkarteko kide ez bazan, ezin eitekeala salbatu uste zan eta une haretan. Eta premina horrek eta bihotz-zabaltasun horrek, hau da Kristo sakramentua jaso barik edo Kristori buruz ezer entzun barik egozanei helarazoteko eta danei salbamena eroateko nahiak mobidu ebazan orduan. Ikuspuntu hori eben”.

Misinoak

Vatikano II.a Kontzilioa

Ikuspuntu hau goitik behera aldatu zan Vatikano II.a Kontzilioan. “Orduan, hain zuzen be, Jainkak Jesukristo ezagutu ez ebenak be salbatu eikezala ulertu genduan-eta. Honek, Bizkaiko eta Euskal Herriko gainerako Eleizbarrutietako gizon eta emakumeak, belaunaldiz belaunaldi, hainbat hamarkadatan, zazpi hamarkada eta erditan, misinoko lurraldeetara abiatzeko arrazoia be aldatu egin eban”.

Lehenengo abadeek, gero lekaimeek eta gero laikoek hainbat lanetan lagundu eben, “lurralde hareetan aurkitzen ebezan pertsona hareei duintasuna emoten saiatuz”.

Autortu eta eskertu

On Joseba Segura gotzainaren esanetan, garrantzitsua da, han eta hemen, diruz edo voluntario lez lagunduz, misinoei eusteko ahalegina autortzea eta eskertzea. “Eskerrak emon deioguzan Jainkoari guzti horregaitik. Eskerrak emon gura deutsaguz Jainkoari, batez be, une jakin batean fedea beste pertsona eta kultura batzuei helarazo geuntselako eta fede hori sendo errotu zalako han eta egundoko aberastasuna ekarri ebalako, gaur egun guretzat oso garrantzitsua dana, gure Jaunaz dogun ikuspuntua osatu egiten daualako”.

Gaur

Gotzainak, aurrerago, esker ona adierazo eban “egon garan leku horreetan”, Amerikan eta Afrikan, fedeak dauan garrantziagaitik. “Asko poztu gaitu, gainera, Eleizbarrutietako Misinoetatik misinoko lurraldeetara doan hurrengo pertsona Asia eta Filipinetara doala jakiteak. Lurralde horreetan bere burua eskainiz urte biko esperientzia biziko dauan emakume gaztea”.

Gotzainaren esanetan, misinoa, gaur be, bizirik dago “eta guk, beharbada abadetzarako bokazino gitxi dagoan, baina esperientzia hori bizitzeko unea aurkitu gura dauan laiko askoren bihotz-zabaltasuna sortzen dauan misino-sena bizi-bizirik dagoan une honetan, Barri Ona pertsona eta belaunaldi barriei helarazoteko ahalegin horretan laguntzeko era egokitzen dihardugu”.

Ikasi

Iritsi garan herrietatik ikasitakoaren garrantzia nabarmendu eban. “Orduan misino-bultzada eta bizi genduan fedea jaso ebenak, orain, kasu askotan, fedearen maisu eta maistra bihurtu dira. Zirraragarria da, fedea gizon eta emakume horreentzat makina bat zailtasun eta zoritxar sozial eta pertsonaletik altxazen laguntzen deutsen indar sendatzailea dala, politikak edo gizarte bizitzak dakartsezan egundoko etsipen horreen gainetik itxaropena emoten deutsela ikustea, Bizi daben egoera latza, pobretasun edo makaltasunez betetakoa. Guzti hori desbardin ikusi eta bizi da Kristoren begiez, Jesukristo lagun danean eta adore emoten deuskunean”.

Gainera, gotzainaren esanetan, fede hori era zuzen, xume eta adierazgariagoan adierazoten da Hego Amerikan eta Afrikan, “fedezko uste sendoak islatzen dituan hizkeran, guri, beharbada, gauzak gehiago kontrolatzea nahi izaten dogulako eta hain adierazkorrak ez garalako, nekeza egiten jakuna. Eskerrak emoten deutsaguz Jainkoari pertsona horreek dagoeneko gure artean be badiralako eta oraingo eta geroko kristau alkartearen bizitzaren zati eta aberastasun izaten jarraituko dabelako”.

Azkenean, misino-ahalegina eskertu eta Jainkoari eskerrak emon eutsazan, “misino-bokazino horreen bidez emon deuskun guztiagaitik. Esker ona adierazo gura dot, baita be, hara iirtsi zan fede hau sendo sustraitu dalako Hego Amerikako eta Afrikako lekuko Eleizetan, eta gure Eleizbarrutiaren etorkizunean be ekarpen handia izango daualako. Garizuma-aldiko domeka honetan, eskatu deiogun Jaunari gure begiak eta bihotzak egundoko aberastasun horri zabaltzeko, guk antzeman daikeguna baino askoz handiagoa dan aberastasunari eta beste pertsona, talde, kulrtua eta jentearen esperientzia entzuten dogunean, are eta handiago egiten dan aberastasunari”.

galeria ikusi (11)