21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Izadiaren defentsarako sareko emakumeen lekukotasuna Bilbon
02.03.2023

Izadiaren defentsarako sareko emakumeen lekukotasuna Bilbon

Martxoak 8aren, Emakumeen Nazinoarteko Egunaren bezperan, emakume buruzagi entzutetsuak, izadiaren eta Giza Eskubideen defendatzaileak, Amazonas ingurutik -Kolonbia, Venezuela, Honduras eta Guatemala- datozanak, komunikabideen aurrean agertu dira, giza eskubideen urraketak eta ingurumenaren defentsan diharduen emakume izateagaitik jasaten dabezan arriskuak salatzeko. Gaur arratsaldez, 19:30etan, berbaldia eskainiko dabe Arrupe Etxeko (Aita Lojendio, 2. Bilbao) areto nagusian, ALBOANek, besteak beste Bilbokok Eleizbarrutiagaz batera, antolatuta.

Izadiaren defentsarako sareko emakumeek bizi daben errealidadearen inguruko lekukotasuna emon dabe gaur goizean eta, aldi berean, euren bizitzarako egitasmoak arriskuan jarten eta nekazari eta indigenen alkarteak bortxatzen dabezan ekoizpen eredu estraktibista salatu dabe. Sara Diego Alboan GGKEko politika kontuetarako saileko kideak koordinatu dau aurkezpena eta bere esanetan, martxoaren 8a dala-eta, “aurton giza eskubideak eta ingurumena defendatzen diharduen emakumeengan jarri dogu arreta; euren borrokagaz, danok defendatzen gaituen emakumeengan”. 

Anitalia Pijachi Kolonbiako Leticiako Okaima herriko buruzagiak, Yalenis Medina Kolonbiako Guajirako emakume nekazari Hoscak eta Juana Francisca Urbina Honduraseko buruzagi tolupanak parte hartu dabe agerraldian.

Emakume defendatzaileak
“Emakume defendatzaileen” taldea

YYalenis Medina Kolonbiako Guajirakoak azaldu dauanez, “gu akabatzen dihardue. Gure produktuak hil egiten dira kutsaduraren eraginez. Gure lurralde eta alkarteok ezin dogu sakrifizio hori jasan enpresa transnazionalek ekoizteko era bardinei eutsi deieen, Mendebaldean, gaur egun lez kontsumitzen jarraitu daien”.

Emakume defendatzaileak
Prentsaurrekoa Arrupe Etxean

Juana Francisca Urbina, hondurastarra, buruzagi topupana eta Alboan erakundearen aliatu dan Hausnarketa, Ikerketa eta Komunikazinorako Taldeko (ERIC) kideak zera nabarmendu dau: “emakume defendatzaileek aurre egin behar deutse indarkeriari, jazarpenari, zirikatzeari eta bazterkeriei. Emakume defendatzaileen aurkako bazterketa eta indarkeriarako bideak bata bestearen gainean pilatzen dira, genero-bazterkeriari, indigena edo afroen ondorengo izatea gehitzen jako-eta”.

Anitalia Pijachi buruzagiaren esanetan, “Ama Naturaren garrasia handia da. Honen aurrean, alkarte internazionala entzungor agertzen da. Non da herrialdeen konpromisoa kontsumismoa gitxitzeko?”.

‘Alboan’ eta ‘Entreculturas’ GGKEek “Amazonas gara” kanpaina sustatzen dihardue herritarrak klima-aldaketaren aurka eta Amazonasen eta bertoko herrien alde borrokatzera bultzatuz www.somos-amazonia-org

Danona dan etxearen emakume defendatzaileen kanpaina: https://defensoras.somos-amazonia.org/

Emakume defendatzaile gara bideoa: https://youtu.be/TLTfawFBnaA

Amazonas gara, Amazonasen defentsarako giltza ekofeministak: https://www.alboan.org/sites/default/files/amazonia_gara.pdf

Sinadurak batzeko kanpaina: https://www.visibles.org/es/causas/recogidas-firmas-y-adhesiones/firma-por-una-ley-europea-que-proteja-medioambiente-y-los