Gaur, Loturak zabaldu egitaraua aurkeztu da Otxarkoaga ikastegian. Nerea Melgosa buru dan sailetik sustatutako egitasmoa da. Erbesteratutako hiru emakume gazteren lekukotasunak jasoten dituan errealitate birtualeko lanaren inguruan garatzen da. Gaur goizean EBI sareko Otxarkoaga ikastegian garatutako tailerrean Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburuak azaldu dauanez, “esperientzian bertan murgiltzen gaituan istorio honen bidez enpatia sortu gura da, estereotipoak zalantzan jarri eta gizarte anitzetan abegiak eta bizikidetzak dakarrezan erronken inguruan alkarrizketa kritikoa eragin. Azken baten, bideak jarri gura dira gure gazteak konprometituago, zintzoago, toleranteago eta arduratsuago izan daitezan”.
Zenbakiak eta metodología
Egitarau honen barruan, 86 tailer garatu dira hainbat ikastetxetan eta 1.584 ikaslek parte hartu dabe. DBHko bigarren edo hirugarren kurtsoa edo oinarrizko LH egiten diharduen 14 eta 16 urte bitarteko gazteak dira.
Bizkaian, aurton, 41 tailer burutu dira Bilbon, Derion, Muskizen, Ermuan, Mungian, Gernikan, Berrizen, Getxon, Durangon, Santurtzin eta Mungian. Gaur, egitaraua barriro bueltatu da Bizkaira, hain zuzen be Otxarkoaga ikastegira.
Ikasleen jatorriari dagokionez, 1.301 partaide (%82,1), bertokoak dira eta 283 (%17,9) migratzaileak. Aniztasun honek aberastasun handia ekarri deutsen tailerrei, kulturarteko hartu-emonerako eremuak ahalbidetuz eta alkarrenganako enpatiarako guneak sortuz.
Ikastegietan ikaskuntza eta hartu-emonerako eremuak sortzean datza egitarauaren metodologia. Hasierako aurkezpenaren ostean, esperientzian murgilarazoten gaituan lana ikusten da errealitate birtualeko betaurrekoakaz eta baterako hausnarketarako jardunbideak egiten dira zirrarak eta ikaskuntzak batera jarri ahal izateko.
Balorazinoa eta ondorioak
Jarduera baloratzeko ikasleei eginadako galdeketek agertzera emon dabenez, esperientzia hau etorkinek jasaten dabezan zailtasunak ezagutzeko eta ulertzeko baliagarri izan dala autortu dau ikasleen %80ak
Gainera, %90ak adiskideei gomendatuko leuskie esperientzia. Ikastegiak migrazino-esperientzien inguruko jarduera gehiago antolatzearen alde be agertzen dira. Irakasleen kasuan, %80aren ustez errealitate birtuala tresna guztiz eraginkorra da beste errealitate batzuen inguruan sentiberatasuna bizteko.