25-12-2024 Natividad del Señor
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Ospitaletako arreta espiritual eta erlijiosorako taldeen biltzarra San Juan de Dios ospitalean
29.05.2024

Ospitaletako arreta espiritual eta erlijiosorako taldeen biltzarra San Juan de Dios ospitalean

Santurtziko San Juan de Dios ospitaleak bere sorreraren mendeurrena ospatzeko egiten diharduan ekitaldien barruan, atzo -martitzena-, Bilboko Eleizbarrutiko ospitaleetan Arreta Erlijioso eta Espiritualerako Zerbitzua (AEEZ) eskaintzen daben taldeak batu ziran bertan. Ospitale publiko zein pribatuetan pertsonaren alderdi espiritualaz arduratzen diran zerbitzuetako 17 ordezkarik parte hartu eben. 

Ines Becerra ekitaldia antolatu eban Santurtziko San Juan de Diosospitaleko AEEZko arduradunak nabarmendu ebanez, AEEZko arduradunen asmoa hauxe da: gaixo eta senideei “osoko laguntasuna eskaini, horretarako alderdi biologikoak, psikologikoak, sozialak zein espiritualak kontuan hartuz”. 

San Juan de Dios

Partaidetza zabala

Atzo ospatu zan batzarrean, besteak beste, San Juan de Dios ospitaleetarako ordenako kontseilari probintziala dan Anai Jose Maria Bermejok parte hartu eban, Lourdes Casas erakunde bereko III. Lurralde Unitateko espiritualtasunerako koordinatzaileagaz, Anai Mariano Bernabe Ospitaleko Anaien komunidadeko nagusiagaz eta Vicente Fernandez Zurita ospitaleko zuzendari-gerenteagaz batera. Eleizbarrutiko ordezkaritzari dagokionez, Manu Moreno Karidade eta Zuzentasunerako ordezkaria, Laura Etxeberria Osasun Pastoraltzarako arduraduna, ospitaleetako AEEZko taldeetako hainbat kide eta Santa Marina ospitalean jarduten dauan Caritaseko boluntarioak izan ziran ekitaldian.

San Juan de Dios

“Arreta espiritualerako ardatzak San Juan de Dios ospitalean’ goiburuaren haritik ospatu zan ekitaldia eta berrogeta hamar lagun inguru batu zan, besteak beste, abadeak, AEEZko kideak, osasun arloko profesionalak eta beste profesional batzuk, laguntzaileak, boluntarioak eta San Juan de Dios ospitaleetako ordenako anaiak. 

Ines Becerraren esanetan, “aukera ederra izan da Eleizbarrutiko ospitaleetako AEEZrako taldeen bizipenak eta jakintzak batera jarteko”. Gainera, batzar “sakon eta, aldi berean, lasaia” izan zala esan eban eta “heziketarako, otoitzerako eta espiritualtasunari buruz jarduteko” astia izan ebela. Azaldu ebanez, “eragingarria izan zan, adore-emoilea, ospitaleetan egunez egun sufritzen eta ahulezian dagozanen ondoan jarraitzeko”.

Ines Becerrak adierazo ebanez, “AEEZek norbanakoaren askatasunaren alde egin eta errespetatu egiten dabe, arreta aske eta doakoa da-eta, hau da, arreta hori emoteko nork bere borondatez eta aurretik onartu behar dau jasoko dauanak”.

Saioaren aurretik, talde txikietan banatu eta San Juan de Dios ospitalea bisitatu eben. Ondoren, otoitzaldia egin zan ospitaleko kaperan eta “isiltasunerako tarte” laburra zabaldu zan. Gero, ospitaleko areto nagusian garatu ziran ekitaldi nagusiak eta San Juan de Dios ospitalean emoten dan arreta espiritual eta erlijiosoaren oinarrien inguruan jardun eben solasean.

San Juan de Dios