Datorren otsailaren lehenengo astebruan, IV-V-VI bikaritzetako gazteen erretiroa ospatuko da eta ia leku guztiak beteta dagoz.
Antolatzaileek azaldu dabenez, ekimen honen laugarren ekitaldia ospatuko da eta, partaideen adin eta fede ibilbidearen araberako formatuetan egiten da. Holan bada, partaideak lau mailatan banatuko dabez: 18 urtetik beherakoak, 19 eta 22 urte bitartekoak, 22 eta 26 urte bitartekoak eta 26 urtetik gorakoak.
Hasiera batean, zapatu goizez batzen ziran, baina, gaur egun, asteburuko jarduera da eta Berrizko Barnezabal Gogarte Etxean egiten da.
Laguntzaile lanetan izango dira: Iratxe Larrea eta Izaskun Aguirre, Bilboko La Peña parrokiakoak eta pastoral arduradunak San MIguel-Orozkon; Jose Eizaguirre VI., arduraduna VI. bikaritzan; Blanca Villanueva Fede-zabalkunde eta Katekesirako VI. bikaritzakoa eta Amaia Modrego Berrrizko Mesedetako Misiolaria (BMM).
Azaldu dabenez, erretiroaren esperientziak “esperientzia barri eta bakarrari tartea egitea dakar eta geure barruagaz eta bertan bizi dan Jainkoagaz sakontasunez hartu-emonean jarteko aukera emoten deusku. Geure barruan ez ezik kanpoan bizitzera garoazan bizimodua nagusi dan sasoian, geure gorputzetik eta muinetik bereizita, estresatuta bizi eta benetan gura dogun bizimodua daroagunean, erretiroa aldatzeari ekiteko aukera bihurtu daiteke”.
HOAC mobimentuaren ikastaroa
Joaquin Sanchez abade eta HOAC mobimentuko Murtziako Eleizbarrutiko kontsiliarioa izango da hizlaria eta kristau espiritualtasunaz eta HOACen espiritualtasunaren berariazkotasunaz jardungo dau, kristau bizitzaren alderdietan (pertsonala, eleizakoa eta gizartekoa) sakonduz.
Kristauaren bizitzarako hain garrantzitsua dan gai honetan sakontzeaz eta hausnartzeaz gainera, ikastaro honek lanaren munduan esperientzia espiritual eta mistikoa sustatu gura dau, eragileetan sakonduz eta bitarteko eta bideak buztartuz.
HOAC mobimentuko kide ez diranek be parte hartu leikie ikastaro honetan. Gehiago jakiteko, bialdu e-maila hoacbizkaiaformacion@bizkeliza.org helbidera edo Whatsappa 630.33.24.29 telefonora.