07-02-2023 Martes, V semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Fede-zabalkunde eta Katekesia 5 Patxi Fano irudigileak ‘mila kolore’ margotu ebazan Portugaleten
21.11.2022

Patxi Fano irudigileak ‘mila kolore’ margotu ebazan Portugaleten

Zapatuz, 200 lagun inguru batu zan Portugaleteko Andra Mari ikastetxean (menesiarrak). Fede-zabalkunde eta Katekesirako I. Bikaritzako Mahaiak antolatuta, Kristau Sarbideko eragileak batu ziran Patxi Fano irudigile eta psikologoak sustatu eban ekitaldian. “Mila kolore Jesus iragarteko” goiburua egia bihurtu zan eta Fanok kolorez bete eban goibel eta euritsu hasi zan goiza.

Maria Elordui Fede-zabalkunde eta Katekesirako I. Bikaritzako arduradunaren esanetan, hasieratik, Patxi Fano irudigileak ‘mila kolore’ margotu ebzan Portugaleten, batu ziran askotariko errealidade eta taldeak irudiz hornituz.

Portugaleteko Andra Mari ikastetxean

Bikaritzako Pastoral Barruti guztietako umeen katekesiko katekistak, familia pastoraltzarako eragileak, bateo pastoraltzarako eta 0-6 urteko umeen taldeetako laguntzaileak eta helduen taldeetako laguntzaileak batu ziran. Nerabezaro aurreko, nerabezaroko eta gaztaroko neska-mutilen taldeetako begiraleek be parte hartu eben topaketan, Ezker-Meatzaldeko eskaut taldeetako begiraleak nabarmendu ziralarik. Hainbat ikastetxetako pastoral taldeetako kideak be bertaratu ziran. Arduradunen esanetan, “mila kolore irudikatu nahi izan ditugu, hain zuzen be, fede-zabalkunde eta katekesiaren askotariko hartzaileak, askotariko metodologiak, gure egitekoen askotariko alderdiak… irudikatuz eta guztiak helburu bakarrean buztartuz: Jesus eta Barri Ona iragarri”.

Patxi Fano irudigileak "mila kolore" margotu ebazan Portugaleten
Kristau Sarbiderako I. bikaritzako eragileen batzarra

Sergio Buiza lurraldeko bikarioak harrera egin eta ondo etorria adierazo ondoren, otoitz egin eben eta Patxi Fanok berbaldiari ekin eutsan. Areto nagusia bere marrazkien “mila kolorez” bete zan.

«Bere hizkera soilaz eta bere adierazpen sortzaileagaz “mila kolorez” bete eban entzuleen buru eta bihotza. Fanok gogo bizia, poza eta ilusinoa kutsatu eban, egiten dihardugunagaz aurrera egiteko adore emonez» (Maria Elordui)

Talde-lana

Irudigilearen jardunaren ondoren, partaideak taldeka banatu ziran, bakotxaren egitekoaren arabera, kezkak, bilatzeak edo beharrizanak batera jarri ahal izateko. Tarte horretan, Fano topaketan izan ziran 70 begirale gazteakaz egon zan. Errekarteko Gaztenahiak, Barakaldoko Deadar eta Elizalde Eskaut, Sestaoko Gaztederrak, Euskai eta San Migel Eskaut, Portugaleteko Belatzak eta Ama Lur Eskaut, Santurtziko Urbegi Eskaut eta Meatza inguruko Goizalde Eskaut taldeetako begiraleek adierazo ebenez, Fanoren proposamen eta ideiek euren bizitzaren inguruan galderak egitera eta hainbat gauza zalantzan jartera bultzatu ebezan. Esate baterako, Fanok Jesus “sentsazinoen kontsumoaren” bizitzaren aurrean, bizitzari zentzuna emoteko aukera lez aurkeztu ebanean, edo “ureztagailu izateko” esan eutsenean, urez bete eta ingurua ureztatzeko, hau da, kristau lez, Jainkoaz, Barri Onaz, Maitasunaz, bete eta gure bizigiroetan zabaltzeko.

Mila kolore

Amaitzeko, partaideak talde handian batu ziran barriro be, ondorioak atara eta topaketari amaiera emoteko. Proposamenak, iragarpenerako eta katekesirako zailtasunak eta eragileen beharrizan eta eskariak paneletan jaso ziran, pastoral eremu nonen aniztasun eta aberastasuna irudikatzen dauan “mila koloreko” arrosa-leihoa osatuz.

Amaieran, jentea agurtu eta bakotxa bere talde, parrokia, ikastetxera… bueltatu zan.

Partaideen esanetan, ilusino barriagaz, bihotz alaiaz eta Barri Onaren poza iragarten eta kutsatzen jarraitzeko prest atara ziran topaketatik.

Azken batean, Patxi Fano irudigileak ‘mila kolore’ margotu ebazan Portugaleten.

Fano durante un momento de la sesión.