Frantzisko Aita Santuak deituta, azaroaren 19an, Pobreen Munduko VII. Eguna ospatuko da.
Kerman Lopez Eleizbarrutiko bikario nagusiak deialdia egin dau, egun hori dala-eta, BIlboko Eleizbarrutian egingo diran jardueretan parte hartu daigun.
Alde batetik, keinu solidarioa egingo da eta bere oinarria, bikarioaren esanetan, “kurtsoaren hasieran erabilitako karteleko irudia da, baina gauza bat aldatuta: arrosa-leihoari begira dagozan pertsonak silueta erara agertzen dira. Eta hauxe da proposamena: gure inguruko pobretasunei begiratu, kartelean besarkatuta dagozan pertsonen silueta zuriak bete, izenak eta aurpegiak jarriz eta euren sufrimentua aritzeko konpromisoa hartzeko bideak arakatu. Aurkeztu eizuez kartel ‘barri’ honeek azaroaren 19ko ospakizunetan”.
Topaketa Errekalden
Pobreen Munduko Egunaren bezperan, Sebastián Mora Comillaseko Pontifize unibertsitateko irakasleak berbaldia emongo dau Errekaldeko parrokian, 10:00etan.
Jardunaldian, hamaiketakoa egingo da eta bertaratutakoek salda hartuko dabe “jaki xumea, egunaren beraren zeinu lez”. Bakotxak bere katilua eroatea proposatzen da, “ontziak dirala-eta, gasturik ez egin eta, aldi berean, kontsumo arduratsua sustatu daigun”.
Bikario nagusiaren esanetan, “taldean edo bakarka lantzeko prestatu diran lagungarriak baliagarri izan daitekez Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmoaren bigarren urte honetan izan gura dogun eta alkarte abegitsu eta barneratzaile izatera eroan behar gaituan begiradan sakontzeko”.