23-12-2024 Lunes, semana - adviento
Bizkeliza 5 Kultura 5 “Sorolla eta pintura erlijiosoari” buruzko berbaldia
01.02.2024

“Sorolla eta pintura erlijiosoari” buruzko berbaldia

Javier Novo Kontserbazino eta Ikerketarako Bilboko Arte Ederren Museoko koordinatzaileak berbaldia eskainiko dau gaur, 19:00etan, Bilboko Eleiz useoan. Otsailaren 29ra arte luzatu dan "Sorolla eta erlikiak" erakusketaren haritik programatutako jardueretako bat da. 

Valentziako artistaren pintura erlijiosoaren inguruko berbaldian, maisuak argia eta kolorea zelan erabilten ebazan azalduko da, besteak beste. Museoan ikusgai dagoan erakusketan, valentziarraren artearen erakusle diran margolan bi ikusi daitekez.

Batez ere bere ibilbidearen hasieran, erlejinoari lotutako eszena kostumbristak nabarmendu ziran, eta horreetan, eleizen barrualdeak, Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa honetarako itzitako ‘Erlikiari musu emotea’ eta ‘Eskari-mahaia’ margolanetan bikain agertzen dalarik guzti hori.


‘Erlikiari musu emotea’ margolanean, margolariak “egundoko gaitasuna erakusten dau konposizino nabarra, non marrazki artetsua nabarmentzen dan, artikulatzeko”. Valentziako San Paulo eleizako alboko kapera batean, parrokoak erlikia aurkezten dau askotariko eleiztarrek musu emon deioen.

Eta, ‘Eskari-mahaia’ margolanean, Museotik azaltzen dabenez, “bikain nahastatzen dira lur-koloreak eta grisak kandeletatik datozak argi-ikutuakaz”. Zirriborro erara eginda dagoan margolanean, mahaiaren atzean jarritako emakumeek dohaintzak eskatu eta batu eta debozinozko gauzak eskaintzen dabez eleizkizunean. Baina erakusketa, Sorollaren artelan bikain bi honeek baino gehiago da. ‘Erlikiari musu emotea’ margolanak erlikien eremura garoaz: debozino herrikoia, sinismenak, pentsamoldeak…

Erlikiak

Erlikienganako kultua kristautasunaren hastapenetan hasi zan, orduan martirien gorpuzkiak gurtzen ebezalarik. 
Erdi Aroan, jokabide hori kristau mundu osora hedatu zan. Segurtasunik eza, gaixotasuna, gosea…, hedatuta egozan eta jenteak babesa eta laguntasuna bilatzen eban zeruko indarrean. Santu eta santen erlikiak euren bitarteko bihurtu ziran.

Erlikia-ontziak

Ezinbestekoa zan erlikiak ontzi egokian, hau da erlikia-ontzietan gordetzea. ‘Sorolla eta erlikiak’ erakusketaren zati nagusia, askotariko ontzi honeek erakusteko da.
Han ikusi daitekez, esate baterako, Ozerinmendiko San Lorentzo ermitako (Zeanuri) lipsanoteka, XII. gizaldi ingurukoa, edo Errigoitiko ‘Gorputz Santue’ dalakoaren zidarrezko eskua, XVI. gizalditik hasita mintzamenari lotutako arazoak -toteltasuna- sendatzen ebazan momia naturala.

Era askotako erlikia-ontziak dagoz: Abadiñokoa, zilindro-erakoa da (Sorollaren margolanean agertzen dana), eta kustodia-erakoak (Sukarrieta, Markina), kurutze-erakoak (Berriz), obelisko-erakoak (Bermeo), piramide-erakoak (Lekeitio), tenplu klasikoaren itxura dabenak (Berriz) dagoz… Eta askotarikoak dira horreek egiteko erabilitako materialak be: gehienak zidarrezkoak dira, baina baita zurezkoak, letoizkoak, ehunezkoak…

Erlikia-ontzi zintzilikariak edo estanpa erako erlikia-ontziak be badagoz, esate baterako, Teresa Doneak landatutako hurriz-zuraz egindako kurutze txikia.

Badira erlikia bakarra jasoten dabenak, baina baita ehunka jasoten dauanik be, “esate baterako Berrizko Vera Cruz komentukoa, hilez hil ordenatutako 362 jasoten dituana”.

Baloratuenen artean, Jesukristori lotutakoak dagoz, batez be, ‘Lignum crucis’ deitutakoak, kurutziltzatu eben kurutzearen ustezko zatiak. Holako hiru ikusi daitekez erakusketan, XVII. eta XVIII. gizaldiko pieza barrokoak, Bilboko Santiago katedraletik eta Joan Santuak eleizatik (Vera Cruz kofradia) eta Gordexolako Molinarreko San Joan Lepogabetua eleizatik eroandakoak. 

Aparteko kapitulua merezi dabe ikutze-erlikiek, hau da, santu eta santak ikutu dabezan gauzek. Erakusketan, “Hilobi Santua ikutu daben” hosto eta lorak dituan hainbat estanpa ikusi daiteke.

Baina piezarik nabarmenena, Rafaela Ybarra dohatsuaren hil-maskara da. Aingeru Goardakoak kongregazinoak gordeten dau Bilbon. 

Hurrengo berbaldia

Otsailaren 8an, Raquel Cilla Eleiz Museoko bildumaren arduradunak eta Juan Manuel Gonzalez Cembellin zuzendari teknikoak berbaldia eskainiko dabe 19:00etan: “Erlikiak Bizkaian”.

 

 

`Mesa petitoria´ exposición Sorolla y las reliquias