Esku-hartzeak bide emongo dau Begoñako historia, kristau-kultuak Bizkaian izandako sorrera eta Bilboko lehenengo populatze-zantzuak hobeto ezagutzeko. Tenpluak bere ohiko jarduerari eutsi ahal izango deutso prozesuak iraun bitartean.
Egitasmoa
Egitasmoa Ondare Babesa, S.L. eta View Arkitektura eta Ikerketa kooperatiba-elkarte txikiak osotutako aldi baterako enpresa-alkarteari esleitu jako, eta urtebete inguru iraungo dau. Aurretiko aldi honetan, esku-hartzearen diseinua, administrazio-izapideak eta lanen antolaketa amaitzen dihardue, indusketa egitean ondarearen zein egunero basilikara joango diren pertsonen segurtasuna bermatze aldera.
Laster, lurpeari eta eraikinari buruzko aurretiazko azterketak egingo dira, georradar-tekniken bidez. Teknika horreek, inbaditzaileak ez diranez, ez dabe tenplua aldatzen, ezta kaltetzen be, eta lurperatutako egiturak atzematea ahalbidetzen dabe, esate baterako hormak edo hilobiak, eta ohiko indusketa errazteko balioko dabe.
Esku-hartzeak mailaz maila egingo dau aurrera basilikako hainbat eremutan, une bakotxean bakarrik ezinbesteko dan espazioa hartzeko. HOlan, tenpluak bere ohiko jarduerari eutsi ahal izango deutso prozesuak iraun bitartean.
Ondarea
Esku-hartze horren bidez, Bikaiko Foru Aldundiak sendotu egiten dau lurraldeko ondare historikoaren ikerketa, zaintza eta zabalkundearen alde dauan konpromisoa. Begoña/Vecunia egitasmoak, Begoñako Basilikagaz egindako hitzarmenaren bidez ahalbidetu danak, aukera emongo dau Bizkaiko historiaren funtsezko epea hobeto ezagutzeko eta guzti horren barri herritarrei emoteko.
Egitasmoa, herritarrentzat zabalik
Egitasmoari dagokionez, nabarmentzekoa da bere irekitasuna eta dibulgazino-sena. Lanak, ohiko itxituren ostean ezkutatu ordez, zurezko egitura arina ipiniko da argibideetarako leku moduan. Leihoen eta behaketa-puntuen bidez, basilikara hurreratu daitezen bisitariek bertatik bertara ikusi ahal izango dabez ikerketa arkeologikoaren aurrerapenak.
Sistema lanen bilakaerara egokituko da. Lehenengo aldian, indusketa-eremuen kanpoaldetik egingo da behaketa. Aurrerago, segurtasun-baldintzek ahalbidetzen badabe, barruko ibilbideak jarriko dira, prozesua herritarrei gehiago hurreratzeko. Indusketa-lanak itxita edo ezkutatuta egitea alde batera itzi eta jakintza eta ondarearen balioa agerian jartzea da helburua.
Esku-hartzea, tenpluaren ohiko jardueragaz bateragarri
Jarduera oso konplexua da, zabalik eta jardunean egongo dan tenplu baten barruan egingo da-eta. Horregaitik, lanak jarduera erlijiosoan ahalik eta gitxien eragiteko antolatuko dira. Zarata gehien eragin daikien lanak kultu-ordutegietatik kanpo programatuko dira, eta hondeaketa ospakizun bakotxaren preminetara egokituko da, ospakizunetarako eta santutegian etenbarik sartzen diran fededunen otoitz pribaturako ezinbesteko dan isiltasuna uneoro bermatuz.
Berariazko neurriak be hartuko dira tenpluko elementurik kalteberenak babesteko. Lan-guneak isolatuta egongo dira eremu babestuetan hautsik sartu ez daiten, eta organoak babes berezia izango dau esku-hartzeak iraun bitartean. Erretaula nagusia ikusgai egongo da une oro, haren kontserbazino-egoera babesteko aurreikusitako neurriei esker.






