03-05-2024 Felipe y Santiago, apóstoles
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 “Eleizak etorkinakaz dauan konpromisoa agertzera emon eta sustatu”
22.09.2023

“Eleizak etorkinakaz dauan konpromisoa agertzera emon eta sustatu”

Datorren domekaz, irailak 24, Eleizak Etorkin eta Errefuxiatuaren Munduko 109. Eguna ospatuko dau, "Migratzeko edo geratzeko aske / Libres de elegir si migrar o quedarse" goiburuaren haritik. Egun berean, Otxarkoagako Justo eta Pastor Santuak parrokian, afrikar, txinatar eta latinoamerikar alkarteak batuko dira 17:30etan Eukaristia ospatzeko eta gura dauanak eurakaz bat egiteko aukera dau. Fernando Marcos Ayjon Bilboko bikarioa izango da buru eleizkizunean. Karidade eta Zuzentasunerako Eleizbarrutiko Ordezkaritzaren barruan dagoan migrazinoetarako sailetik dei egiten dabe bertara joateko eta "alkartea egiteko, kanpotik datozanei bertan txertatzeko aukera emonez".

Migrazinoetarako sailetik dei egiten dabe, gainera, alkarte horreen ospakizunetan parte hartu daigun kurtsoan zehar:

Latinoamerikar alkartea. Hilaren azken domekaz. Aurton, lekuz aldatuko dira. Orain arte, San Luis Beltran parrokian alkartu izan dira eta aurrerantzean, Miribillako Santa Maria Josefa parrokian (Torre Urizar Pastoral Barrutia) izango dabe hitzordua, 17:30etan.

  1. Afrikar alkartea. Hiralren lehenengo domekaz, San Antonio Abata parrokian (Alde Zaharra PB), 12:30etan.

  2. Txinatar alkartea. Domekero, Karmeneko Ama parrokian (Autonomia-Indautxu PB), 17:30etan.

Etorkin eta errefuxiatuaren eguna 2023

Etorkin eta Errefuxiatuaren Munduko Eguna

Gure Eleizbarrutian, egun hau pastoral kurtsoaren hasieran ospatzen da. Izan be, Goazen! kurtsoari hasiera emoteko ekitaldia hilaren 30ean, zapatuz, ospatuko da Markinan, “Bagara. Comunidad acogedora e inclusiva” goiburuaren haritik eta Jesusen deiari erantzunez: “bidera urten, besteakaz bat egin eta honeen hurko bihurtzeko”.

Etorkin eta Errefuxiatuaren Munduko Eguna ospatuz, arrazoia edozein izanda be, migratzera behartuta dagozan pertsonen auzia agertzera emon eta euren aldeko konpromisoa sustatu egin gura dau.

Frantzisko Aita Santuaren mezua

“Migratzeko edo geratzeko aske / Libres de elegir si migrar o quedarse” goiburua aukeratu dau Frantzisko Aita Santuak egun honetarako, nork bere lurra izteko erabagia askatasunez hartzea ezinbesteko dala aldarrikatuz. “Migratzeak erabaki askea izan beharko leuke; baina, kasu gehienetan, ez da. Gatazken, hondamendi naturalen, gerren, bildurraren, jatorrizko lurrean bizimodu duinik ez izatearen eraginez, jenteak derrigorrez urten behar izaten dau bere lurretik”.

Aita Santuak dei egiten dau, jatorrizko arazo honeek ezabatu daitezan eta derrigorrezko migrazinorik egon ez daiten eta horrek danon esku-hartze eta konpromisoa eskatzen dau, arlo pertsonalean eta egituretan.

“Gure etorkizuna edonok eraiki gura badogu be, hau da, etorkizun hori jaiolekuan edo beste edonok eraikitzea pentsatzen badogu,guztiak, bereizketarik egin barik eta inor kanpoan itzi barik, hartzeko, babesteko, sustatzeko eta txertatzeko prest dagoan alkartea izatea da garrantzitzuena.”.
(Frantzisko Aita Santuaren mezua. Etorkin eta Errefuxiatuaren Munduko 109. Eguna)