04.06.2026

Zapatuz, Maitasunaren Eguna, Zeanurin

Jaia eta alkartasuna batuko dira Arratiako bailarako herrian, gotzaina buru dala egingo dan ekitaldian. Musika zuzenean, askotariko jarduerak eta 300 partaidetik gora. 


Caritas Bizkaia erakundeak Maitasunaren eguna ospatuko dau Arratiaren bihotzean. Gorpuzti egunaren inguruan ospatzen dan ekitaldia goizeko hamarretan hasiko da eta ehunka lagun batuko dau, fedea, kultura eta gizarte-karitate konpromisoa batuko dituan ekitaldian. Gainera, aurtengo jaia erakundearen 70. urteurrenaren testuinguruan txertatuta dago. 

Zentzunez betetako goiza

Egunari hasiera emoteko, ospakizuna izango da Andra Mari eleizan, Bilboko gotzaina buru dala. Honen ondoan izango da, gainera, Xabier Gomez Sant Feliuko gotzaina, Bizkaian da-eta familiari bisita egiten.

Amaieran, Jon Urutxurtu eleiztar eta geografia eta historian lizentziatuak eleizako erretaularen inguruko azalpen historikoa emongo dau. Aukera bikaina da eleizaren ondare artistiko eta espirituala Zeanurira hurreratu daitezanei ezagutzera emoteko. 

Gontzal Mendibil arratiar abeslariak abesti bi kantatuko ditu. Beste alde batetik, trikitixak girotuta, partaideek alkarregaz bazkalduko dabe. Arratsaldean, Arratiako taldearen eskutik, dantzan egingo dabe pozez eta hurkotasunezko giroari jarraipena emonez.

Alkartasunezko txokoak

Herriko plazan jarriko dabezan txokoak bisitatzeko aukera izango da. Esate baterako, EBI (Eleizbarrutiko ikastetxeak) sarearen txokoa egongo da, baita talo eta txorizoa dastatzeko lekua eta bizileku bako pertsonen aldeko kanpainari eskeinitako eremua, errealitate hori agertzera emongo dauan erakusketagaz. 

Eguerdiko bazkarian, izena emon daben 300 lagunak batuko dira. Ekitaldia, arratsaldeko 16:30ak inguruan amaituko da.

70 urteko konpromisoa

Maiasunaren egun berezia izango da 2026koa, urte honetan Bilboko eleizbarrutiko Caritasek 70 urte betetzen ditu-eta, ahuleziazko eta baztarketazko egoeran dagozan personen alde egiten. 

Darte te renta. Eman eta hartu biak batu goiburuaren haritik, Maitasunaren eguneko kanpainak zera gogoratu gura dau: alkartasuna ez dala ezohiko keinua, egurekoko bizitzan bizi dan zerbait dala baino.

Boluntarioen konpromisoa agertzera emotea, autortzea eta eskertzea da aurtengo helburu nagusia. Era berean, dei egiten jake herritar guztiei parte hartzera, alkartasuna sustatzera, senidetasuna gehitzeko keinu eta ekintzak egitera.