22-11-2024 Viernes, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Kultura 5 “Ondareari buruzko jardunaldiak aukera ona dira zer garan agertzeko”
25.06.2024

“Ondareari buruzko jardunaldiak aukera ona dira zer garan agertzeko”

Espainiako Gotzainen Batzarrak antolatutako Eleizaren Kultur Ondarearen XLII. Jardunaldien hasierako ekitaldia gaur arratsaldeko bostetan izango da Deustuko Unibertsitateko ospakizun-aretoan. Alberto Santana Kultur Ondarerako Bizkaiko Foru Aldundiko Zerbituko arduradunak eskainiko dau inaugurazino-hitzaldia gai honen inguruan: "Bilbao. Industria eta kultur garapenetik krisialdira eta uri-sorkuntzara". Gaspar Martinez Kultur Gai eta Ondasunetarako Eleizbarrutiko saileko arduradunak "uriak bizirik dagozala eta sasoian sasoiko premina eta ohiturei erantzuten deutsela" agertu gura daben jardunaldien inguruko zehaztasunak emon ditu.

Bizkaia Irratian egindako alkarrizketan, Gaspar Martínez abadeak uriburuko herri eta eleiz ondarearen garrantzia nabarmentzen daben jardunaldiei buruz jardun dau, bere ikuspuntua emonez.

Gatxa izan da jardunaldiok prestatzea?

Aukera ederra da daukaguna eta garana agertzera emoteko. Gotzainen Batzarrari jardunaldien antolaketan laguntzea izan da gure egitekoa. Jakina, honek topaguneak, bisitaldiak, e.a. koordinatzea eta antolatzea eskatzen dau. Dana dala, azkenean, partaideek Bilbori buruzko eretxi ona eroango dabe eta urteotan izan dituan aldaketak ezagutuko dabez. Uriak bizirik dagoz eta Bilbao da horren adibide argia. Azken 50-60 urteetan egundoko aldaketa bizi izan dau. Alberto Santanak goitik behetako aldaketa honen inguruko xehetasunak eskainiko ditu inaugurazino-hitzaldian.

Kultur ondarearen barruan, makina bat gauza sartzen da…

Benetan. Alberto Santanak hiru zatitan banatuko dau bere berbaldia. Alde batetik, artea zelan aldatu dan erakutsiko dau. Danok dagiku lehenengo erromanikoa iritsi zala, gero gotikoa, errenazimentua, barrokoa, neogotikoa eta, azken batean, gaur egungo arkitektura. Bilakaera hori eta bere esanahia ulertzea, oso garrantzitsua da. Horren inguruan jardungo dau lehengo zatian: Zergaitik eta zertarako? Ze balio dago azpian? Zeintzuk dira eragilerik erabakigarrienak? Bigarren zatian, arkitektura eta artea jasangarriak diran ala ez azalduko dau eta hirugarrenea, gaur egungo arkitekturaz, arteaz eta liturgiaz jardungo dau.

Lau egun trinko barikura arte
Guztira, 9 berbaldi izango dira. Hasierako ekitaldia, Deustuko Unibertsitateko ospakizun-aretoan izango da. Udalak harrera egingo deutso 25 Eleizbarrutitik etorrita jardunaldietan parte hartuko daben 70 lagun ingururi. Jardunaldiok urtero antolatzen dira eta lekuan lekuko ondarea hobeto ezagutzeko aukera dira. Hau beti da aberasgarria eta hango eta hemengo pertsonakazko giza hartu-emonak be beti dira emonkorrak guztiontzat.

Guggenheimek be izango dau protagonismorik?

Juan Ignacio Vidarte Guggenheim museoko zuzendariak areto honek urian izan dauan eraginari buruzko gogoeta eskainiko dau. Bisita egingo dogu Bilboko Guggenheim museora, Foru jauregira, Azkuna zentrora, San Mamesera, Eleiz Museora… Ospakizunak izango dira katedralean edo Unibertsitateko kaperan. Jarduera asko eta anitzak jasoten dira egitarauan.

Artea eta arkitektura bizia dauan eta balioei, bizimoduei eta unean uneko preminei atxikita dagoan zerbait lez ulertzea da jardunaldi honeen helburu nagusia.

Amaitu da jardunaldietan izena emoteko epea. Datozan egunetan, ekitaldien barri emongo da web orrialde honen zein gizarte sareen bidez.

Gaspar Martínez