Bilboko Eleizbarrutiak koordinatuta, egitasmoan esku-hartzen dabe, Toledo, Granada, Burgos eta Iruña-Tuterako artxidiozesiek eta Plasencia, Jaka eta Barbastro-Monzoneko eleizbarrutiek. Zazpi Autonomia Erkidegoko 13 herritako 13 lekutan garatuko da. Egitasmo honen bidez, ondare erlijiosoa ikertuko da, Erdi Aroan eta Errenazimendurako transizinoan arreta jarriz.
Eleizbarruti arteko egitasmo barritzailea
“4.0 espedizinoa Erdi Arora” egitasmoa, barritzailea da; eleizen, katedralen, ermiten eta komentuen balio historiko eta kulturala nabarmentzea dau helburu, danentzat didaktikoago eta ulergarriago diran bisitak eskainiz. Teknologia jasangarriaz baliatuz, erdi aroko askotariko alderdiak lotzen ditu puzzle baten moduan, espiritualtasuna, nortasuna, uri eta landa eremuaren eraketa, artea, ogibideak, jaiak, ohiturak eta eguneroko bizitza arakatuz.
Esperientzia bakarra eskaini gura jake bisitariei, ondare erlijiosoaren adiera eta helburua ulertu daien. Egitasmoa bat dator Garapen Jasangarrirako Helburuakaz (GJH) eta Laudatu Si’ helburuakaz (LSH), ekonomia, gizare eta ingurumen jasangarritasuna eta leku honeen susperketa bilatuz, lurralde buztarketarako eta lekuko garapenerako eremu izan daitezan.
Jakintza-alorrarteko sarea sortzea funtsezko izan da proposamenaren eraketarako. Sare horrek barne hartzen ditu abokatuak, teologoak, historialariak, artxibo eta museoetako zuzendariak eta ondarerako eta turismo pastoraltzarako arduradunak. Lankidetza honi esker, nortasun juridiko bako taldea sortu da, ondarearen sustapeneta kudeaketan jarduten daben eta sarean taldekide diran erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena ezarriz.
San Anton Bilbon
Bilboko Eleizbarrutiak egitasmo hau aurkeztu dau: San Anton eleizara egiten dan bisita barriztatu, adin guztietarako izan daiten eta erakargarritasun handiagoa izan daian. Bisita horretan tenpluaren bilakaera eta Bilbao uribilduaren eraketan eta erdi aroko herritarren eguneroko bizitzan izan eban eragina aztertuko dira.
Ondaregure S.M. (Gotzaitegia, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboa eta Eleiz Museoa) Bizkaiko ondare erlijiosoaren kultur eta turismo sustapenerako sortutako enpresa arduratuko da egitasmoaren garapenaz.