28-04-2024 Domingo, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko asteko barriak
30.07.2023

Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Minutuko laburpenari hasiera emoteko, Santiago Bilbao Uribilduaren zaindariaren egunez katedralean izan zan eleizkizuna aitatzen da.

Bilboko katedrala Santiago Apostolua uribilduaren zaindari ofizialaren izenpeko da eta katedral bi baino ez dagoz izen honegaz: Compostelakoa eta Bilbokoa. Bilboko katedrala Donejakue bidean dago, hain zuzen be iparraldeko bidean.

HOAC eta JEC mobimentuen batzarrak

Eleizbarrutiko ordezkaritza daben batzar nagusi bi be aitatzen dira ‘Astekoak’ sailean.

Alde batetik, Ekintza Katoliko Espezializatuko gazte eta ikasleen mobimentuaren (JEC)  Batzar Nagusia, uztailaren 24tik 30era, Malagan. 

“Tenplu gara: zaindu daigun, zaindu gaitezan” goiburuaren haritik ospatuko dan batzar nagusira Bilboko Eleizbarrutitik, mobimentuko hainbat kide joango da, esate baterako, Maitane Campos presidentea eta Pedro Luis Arias laguntzailea.

Mobimentutik azaltzen dabenez, batzar nagusia da Gazteria Ikasle Katolikoa mobimentuaren (JEC) batzarrik garrantzitsuen eta esanguratsuena. Datozan egunetan, beraz, hurrengo 3 urteetarako jarraibide nagusiak erabakiko dabez. Mobimentuaren nortasunaren ardatz dan pastoral egitasmoa be aurkeztuko da. Arduradunek azaltzen dabenez, “JEC mobimentuaren xedea, Barri Ona gazteei bide barrietatik eroatea da, ikasketa, azterketa bitarteko nagusitzat hartuz Jesusengan oinarritutako gizarte eraldaketarako”.

Laburpenean aitatzen danez, Ekintza Katolikoko Langile Ermandadeko (HOAC) militanteek XIV. Batzar Nagusia ospatuko dabe abuztuaren 12tik 15era. 

Batzar nagusia, mobimentuaren bizitzako une nabarmena da eta egundoko aukera militanteak alkartu daitezan eta alkarbizitza landu daien. Hain zuzen be, 41 Eleizbarrutitako HOAC mobimentuko 700 militante batuko da, besteak beste, Bilboko 31. On Joseba Segura Bilboko gotzainak be parte hartuko dau beste hainbat gotzain, artzapezpiku eta eleiz mobimenduetako hainbat arduradunegaz batera.

Bizkaia isilik

‘Astekoak’ sailean, udaldiaren aurretik egin dan ‘Bizkaia isilik’ azken bilkuraren barri be emon da. Hurrengoa, irailean izango da.

Hilabete honetako bilkuran, mugak zeharkatu guran biktima bihurtu diran pertsonen aldeko laguntza areagotu gura dabe eta, aldi berean, Europako hegoaldeko mugan bizi dan zoritxarraren larritzea salatu.

Irailaren 23an ospatuko da hurrengo bilkura

Gazteen Munduko Eguna

Webean nabarmendu danez, uztailaren 26an atara da Eleizbarrutiko lehenengo taldea Portugalerantz.

Uztailaren 26an, goizez atara zan lehenengo taldea, 62 lagunez osatuta, Bilbotik eta Viseura joan zan talde hori. Eleizbarrutia da euren jomuga. Hango familiek hartuko dabez eta, arduradunen esanetan, “danok ez gara parrokia berean egongo; Sao Miguel do Mato, Queira-Casa Parroquial et Figueiredo da Donasen egongo gara”.

Izan be, abuztuaren 1etik 6ra ospatuko da Gazteen Munduko Egunaren XXXVIII. ekitaldia, baina Frantzisko Aita Santuak deituta Lisboan ospatuko dan jarduera honen aurretik, “Egunak Eleizbarrutietan” (EE) deitutakoak izango dira eta mundu osoko gazteak herrialdeko Eleizbarrutietako parrokia alkarteetan txertatuko dira.

Uztailaren 29an gotzainak bat egingo dau gazteakaz, www.bizkeliza.org webean iragarri danez.

Gazteen arloari lotuta, VI. bikaritzan izan dabezan jarduerak be sartu dira laburpenean: kanpamentuak, boluntario-lanak, e.a…

Kurtso honetan, Lisboan ospatuko dan Gazteen Munduko Eguna (GME) dala-eta, VI bikaritzako gazteentzako udako jarduerak luzatu egingo dira apur bat. Mungia, Sopela, Algorta eta Areetako Kristau Sarbideko taldeetako gazteak doaz aurtengo ekitaldira eta, batez be Areeta ingurutik, unibertsitatean dabilen gazte ugari be han izango da. Arduradunen esanetan, “kurtsoari amaiera bikaina emongo jako. Hurrengoa, oporrak amaitzeaz batera hasiko da, VI. bikaritzako gazteen taldeek programazinoa egiteko ospatuko daben asteburuan”.

Misinoak

Astekoak sailean jaso danez, Jaione Lopez misiolari elorriotarra Filipinetara iritsi da.

Jaione Lopez eguen arratsaldez heldu zan Manilara (Filipinak), datozan urte bietan bizi izango dan lekura eta hauxe adierazo eban lur hartzeaz batera: “zoriontsu, bidaia luzearen osean helmugara iritsi eta alkarte abegitsuaren harreragaitik. Gogotsu eta itxaropentsu eta euren kultura ezagutzeko irrikaz”.

Beste alde batetik, Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuko kide diran Laura Pascual eta Unai Torrescusa Errekaldeko gazteak aste honetan joan dira Boliviako El Altora, Adsis komunidadearen eskutik misino-esperientzia bizitzera. Urduri joan dira, “baina zoriontsu, emoteko eta ikasteko aukera honengaitik”. 

Unai eta Laurak Ipar-Hegoaldea heziketarako ikastaroan parte hartu eben eta aurton, landu eta hausnartutako guztia misino-esperientziagaz burutuko dabe.

Eskautak Rabaten

Laburpenean jasoten danez, IV. bikaritzako Argizai eta Inurri eskaut taldeetako hogeta zazpi lagun Rabatetik bueltatu dira, Marokoko uriburuko Lalla Meriem umezurtz-etxean eta Ekialde-Mendebaldea Fundazinoan boluntario lez jardun ondoren.  

Gazteek prozesu migratzaileen eta erlejinoen eta kulturen arteko hartu-emonen ingurukoak landu izan dabez kurtso osoan.

Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko barriak minutu baten