02-05-2024 Jueves, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko asteko barriak
16.04.2023

Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Eleizbarrutiko asteko barri nagusiak jasoten dituan azken ‘Astekoak’ honetan, Aste Santuan egin diran askotariko jardueren inguruko balorazinoak jasoten dira.

Besteak beste, Bilboko kofradien balorazino positiboa, bai 14 prozesinoetan parte hartu daben kofradiakideen kopuruari eta bai prozesinoetako ikusleen kopuruari dagokienez.

Aurtengo prozesinoetan, gainera, izan da nabarmentzeko gertakaria: Pazko-egunez, lehenengo aldiz atara zala prozesinoaj Jesus Cepedaren “Kristo Berbiztua”, oraintsu 2022ko Eleiz artelanik onen lez izendatu dabena. Eta aitagarria da, aldi berean, gora egin dauala pausoak lepoan eroan dabezan kofradien kopuruak. 

Web orrialdean nabarmendu danez, 250 lagun inguruk parte hartu dau Bilbon eta Berrizen ospatu diran Pazkoetan.

Ihes-aretoa

Bilboko Eleiz Museoak gordeten dauan “Atxuriko Abadia” ihes-aretoaren ingurukoak be jaso dira aste honetan. Museoan bertan, antxinako artelanen artean, abentura interesgarria bizitzeko aukera emoten dau.

Arduradunek azaldu dabenez, «ekimen honen bidez, aisia eta kultura buztartu gura dira, orain arte beste inongo museotan garatu ez dan erara: ihes-aretoa eta erakusketa iraunkorra lotuz». 

Lan-kanpamentua

Basauriko kartzelan egingo dan lan-kanpamentua be aurkeztu da bizkeliza.org webean. Apirilaren 28tik maiatzaren 1era izango da, 24 eta 60 urtekoentzat da eta Kartzela Pastoraltzak sustatuko dau.

Gehiago jakiteko edo apirilaren 12a baino lehen izena emoteko -50 euro eta NAN-, hona jo: kartzelapastoraltza

Errentaren kanpaina

Datozan egunetan, Bizkaian errentaren kanpainari ekingo jakola azaldu da webean.

Honen haritik jakinarazo danez, Bilboko Eleizbarrutiak, bigarren urtez jarraian, kanpaina jarri dau martxan Bizkaiko Caritasegaz batera, C laukian X markatuz ekarpena bikoizteko aukeraz jabearazoteko. 

Laguntza gehitzeko bidea da eta zergadunak ez dau ordainketa gehigarririk egin behar. Ahaleginak batzea da eta diruaren zati bat ahulenez arduratzen diran erakundeei emotea. Kostu beraz, bi bider gehiago emoten da.

https://www.youtube.com/watch?v=x4gHnKC26uo

Monja pasiotarrak eta fraile karmeldar oinutsak

Webean jakinarazo danez, monja pasiotarrek kapitulu probintziala ospatu dabe Berrizen eta karmeldar oinutsek Jon Korta izendatu dabe probintzial.

Monja pasiotarrak datozan lau urteei begira gogoeta, otoitza eta bereizketa egiteko batzartu dira. Egunotan Berrizen egin daben Kapitulu Probintzialean parte hartzen ari dan Marije Calvo monja pasiotar eta Karidade eta Zuzentasunerako Eleizbarrutiko Ordezkaritzako migrazinoetarako saileko arduradunak azaldu dauanez, “datozan lau urteei ‘Memoria Passionis’ dalakoaren errealidade karismatikotik begitaru gura deutsegu, ahuleziazko egoeran dagozan emakumeengan eta gure munduko pobretasunezko egoeretan arreta jarriz”.

Larreako (Zornotza) Gogarte Etxean ospatutako kapitulu-saioaren ostean, eguaztenez emon dabe Probintzial barriaren izendapenaren barri.

Jon Korta Arcelus (1980.eko maiatzaren 18a. Zumaia. Gipuzkoa), 1988an sartu zan karmeldar oinutsen ordenan. Filosofia- eta teologia-ikasketak egin ebazan egoitza Gasteizen dauan Espainiako Iparraldeko Fakultate Teologikoan, Salamancako Pontifize Unibertsitatean eta Erromako Teresianumeko Pontifize Fakultate Teologikoan. 2005-2006 kurtsoan, karmeldar ikasketetan espezializazinoa egin eban Ávilako ‘Centro Internacional Teresiano Sanjuanista’ (CITES) dalakoan.

Eleizbarrutiko asteko barriak
Jon Korta

Misinoak eta Bizkaiko organoak

Eskolapioek Bilbon daben ikastetxean ospatu zan biltzarraren barri be emon da web orrialdean. Bertan, hainbat proposamen garatu zan, Miguel Angel Esnaola Ekumenismorako Eleizbarrutiko ordezkariaren esanetan, “bizikidetasuna eragiteko erlejinoen arteko hartu-emon eta alkarbizitzaren bidez”. Ordezkariak azaldu dauanez, “alkarregaz bakerako bidea eratzeko aukera” izan da.

Gazte eta heldu musulman eta kristauak batzen dituan hitzordua.

Eleizbarrutiko puntarengo organoen inguruan Alkarren Barri aldizkariak aurkeztu dauan atal berezia be aitatu da aste honetan.

Eleizbarrutietako Misinoek urteurrena ospatzeko antolatu daben panelen erakusketa ibiltaria Santiago katedralean dago ikusgai apirilaren 16ra arte. 

https://www.flickr.com/photos/68132755@N08/albums/72177720307430791

Egun horretatik aurrera, ikastetxe, talde edo alkarteek panelak eskatzeko aukera dabe, euren ingurura eroan eta 1948an hasi zan historia aberatsa ezagutu eta misino-sena sustatu ahal izateko.

Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak.