06-05-2026 Miércoles, V semana - pascua
06.05.2026

Alessandra Smerilliren deia Vatikanotik: munduaren zaintza barriz hausnartu

Ekonomia-pentsamenduaren gaur egungo Eleiza katolikoko ahotsik nabarmenetakoa Bilbora dator maiatzaren 11an. Alessandra Smerilli salestar monja, Ekonomian doktore Erromako La Sapienza Unibertsitatetik eta Norwicheko East Anglia Unibertsitatetik, berbaldi bi emotera dator Bizkaira. Lehengoa, Gotzaitegiaren Plaza Barriko egoitzan (Barria) izango da eta, bigarrena, Deustuko Unibertsitateko ospakizun-aretoan.

Osoko Giza Garapenaren Zerbitzurako Vatikanoko Dikasterioko idazkari dan Smerillik une bitan jardungo dau. Goizeko 11:30etan, Barrian (Plaza Barria, 4) izango da eta “Osoko ekologia eta gizarte barrikuntza” gaiaren inguruan jardungo dau. Arratsaldeko 19:00etan, Deustuko Unibertsitatean jardungo dau: “Ekonomia zaintza, zuzentasun eta guztion ongizaterako bide lez”.

Ekonomialari Vatikanoan

Alessandra Smerilli Vatikanoko Dikasterio baten karguaz jabetu dan lehenengo emakumea da. 1974an Vaston jaio zan eta 1997tik aurrera Maria Soroslearen Alaben kongregazinoko kide dan emakume honek Vatikanoan lan egiteaz gainera, eskolak emoten ditu. Ekonomia Politiko eta Estatistika eskolak emoten ditu Erromako Auxilium Hezkuntzaren Zientzien Pontifize Fakultatean.

Erromako kurian egiten diharduan ibilbidea indarrez hasi zan pandemia garaian. 2020ko udabarrian, Frantzisko Aita Santuak osasun krisitik eratorritako gizarte-ekonomia erronkei aurre egiteko erantzunak proposatzeko sortutako COVID-19 Vatikanoko Batzordea koordinatu eban. Hain zuzen be, lan horrek ekarri eutsazan geroko iizendapenak.

2021ean, autormena egin eutsoen Italiako Izarraren Ordenagaz bere emaitza akademikoengaitik eta negozio eta finantzetan oinarri etikoen alde agertutako konpromisoagaitik.

Guzti hori bere lorpen pertsonaltzat hartu ordez, bere erantzukizuna harago doala esan dau behin eta barriz Smerellik. “Nik ondo lan egiten badot, beste emakume askori zabaltzen deutsaguz ateak”, esan dau alkarrizketa baten baino gehiagotan.

Frantzisko aita santuai izendatu eban Smerelli kargurako

Altarako mahaia eta bizitzako mahaia

Smerillik, 2025ean argitaratutako alkarrizketa baten, Dilexi te aholku-hitz apostolikoaren inguruko gogoeta egin eban, Frantzisko Aita Santuaren eta Leon XIV:a Aita Santuaren irakaspenen arteko bateratasun sakona nabarmenduz. Bere ustez, idatzi hau ez da doktrinaren jarraipen hutsa, eguneroko koherentziatik bizitzeko dei zehatza baino. 

“Altarako mahaia eta bizitzako mahaia ezin dira bereizi”, dino uste osoz. Ahulenen aldeko konpromisotik bereizitako espiritualtasuna ez daña erabatekoa dino. 

Alessandra Smerilli
Alessandra Smerilli

Pobretasuna eta garapena barriz pentsatu

Pobretasunaren kontzeptua zabaldu egin behar dogula dino Smerellik. Bere ustez, bazterketa-era guztiak -gizarte, ekonomia, espiritual edo ingurune arlokoak- oztopo dira osoko giza garapenerako. Honen haritik, Frantzisko aita santuak “kanpoan iztearen kultura” deitu ebanaz ohartarazi dau. Prozesu isil honek bidez, indarrean dan ekonomia-ereduak sufrimentua ikusezin bihurtzen dau eta bazterkeria normalizazen.

Eta hori ikusita, arrangurak alde batera itzi eta eraikuntzarako proposamenak egiten ditu. Behin baino gehiagotan, egunero hartzen diran ekonomia-erabakiek nahitaezko ondorio etiko eta politikoak dabezala gogoratuz, esan dauanez, “gure dirua zertan gastatzen edo inbertitzen begiratzen ez badogu, gizarte bidebakokeriaren eta klima-aldaketaren konplize izango gara”.

Arimadun ekonomia

Smerilli The Economy of Francesco ekimeneko batzorde zientifikoko kide da. Frantzisko aita santuak bultzatu ebban ekonomialari eta ekintzaile gazteak ekonomia-eredu gizatiar eta jasangarriagoen sorkuntzan konprometitzeko. Plataforma honetatik zera aldarrikatzen dau: ez dala nahiko sistema kritikatzea, ezinbesteko dala alternatiba zehatzak, frogagarriak, sortzea, hau da, bestelako ekonomia egitea posible dala erakusten daben aukerak sortzea. 

Bere lan akademikoa zeharkatzen dauan tesia estu lotuta dago euskak kooperatibismoarekin eta, batez be, Jose Maria Arizmendiarrietaren ondarearekin -ekitaldiaren erakunde antolatzaile batek bere izena daroa-, hain zuzen be: “Ez da egia ekonomia-eredu jasangarria ez dala ekonomia errentagarritasun eta enpresa bidegarritasunagaz bateragarri”. 

Deialdi zabala

Alessandra Smerilli ez jake eleiz edo akademia mundukoei zuzentzen bakarrik. Bere mezua, azken baten, gaur egungo ekonomiak, antolatuta dagoan eran, pertsona guztien preminei ez deutsela erantzuten sentitzen dauan edonoren jakin-mina biztu leike.

Alessandra Smerilli