22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Aste honetan, erromeria Begoñan
08.10.2024

Aste honetan, erromeria Begoñan

Datorren eguen eta barikuz, milaka lagunek parte hartuko dau Begoñako Amatxuren erromerian. Bizkaiko zaindaria eta Umea jairako dotore jantzita dagoz arropa zuriz bederatzi egun aurretik. Bezperan, urriaren 10ean, 18:00 eta 19:00etan ospatuko dira mezak eta 21:00etan ospatuko dan azken mezaren aurretik, Jon Uriarte aurtengo ohorezko erromesak berba batzuk esango deutsez eleiztarrei. Urriaren 11an, On Joseba Segura gotzaina izango da buru eguerdiko 12:00etan ospatuko dan Eukaristian. 

Jaiaren bezperan, eguenez, Ohorezko Erromesa oinez igoko da Arriaga plazatik, Mallonako galtzadak zeharkatu eta Begoñako basilikaraino. Aurreko ohorezko erromesak eta Begoñako kofradiako kideak lagun dituala igoko dau eta txistulariek, fanfarreek eta Erreka Ortu lako dantza-taldeek girotuko dabe ibilaldia.

20:50 inguruan helduko da erromeria santutegira eta bertan Ignacio Fernandez parrokoak egingo deutse harrera. 

Momento del anuncio del Romero de Honor

Ospakizunak Begoñan, urriaren 11an

Eguneko lehenengo meza 9:00etan izango da eta hortik aurrera orduoro ospatuko dira ordu bata arte. Arratsaldez, 15:00etatik 21:00etara izango dira Eukaristiak. Ohikoa danez, Beti Jai Alai taldeak Ama Birjinari eskainitako ‘Ezpata dantza’ dantzatuko dau 20:00etako eleizkizunean. 

Begoñako kofradiak Begoñako Andra Mari Erromesaren zuzien prozesinoa berreskuratu dau. Urriaren 11an ospatuko da, Kurutzea parrokiatik atara eta santutegian amaituz.

Erropa tradizionalak eta su artifizialak

Orain dala hamabi urte hasita, Begoñako kofradiak deialdia egiten dau urtero, erromeriara euskal jantzi tradizionalakaz joateko: brusak, baserritar-jantziak, irule-jantziak edo arrantzale-jantziak, ahal izan ezkero, jaiegunetakoak edo ekitaldi berezietara eroatekoak. Holan, “Begoñako Andra Mariaren erromeriak munduan Andra Mariaren omenez egiten diran erromeria gehienen itxura hartzen dau”.

Azken urteetan, 1.200.000 lepoko more baino gehiago banatu dira, bardinak eta urte guztietako erromerietarako baliod dabenak; hori dala-eta, kofradiatik dei egiten deutse erromesei lepokoa gordeta badabe jairako atara daien.

Beste urte batez, txokolatikak be banatuko dira, “azken hemeretzi urteetan ohikoa danez. Ohitura honek XX. gizaldiko 50eko hamarkadako jardunbiddea dakar gogora: Begoñara igoten eben erromesei txokolate-ontza eta ogi-kurrusku bana emoten eutsen”.

Zaragozana piroteknia-etxearen su artifizialek emongo deutse amaiera erromeriari.