Ospitaleetako arreta erlijioso eta espiritualerako zerbitzuen topaketa
Abenduaren 2an, barikuz, ospitaleetako arreta erlijioso eta espiritualerako zerbitzuak (AEEZ) batu ziran Begoñako gogarte etxean Jacinto Batiz doktoreagaz eta Kerman Lopez bikario nagusiagaz. Laura Etxeberria Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzako Osasun arloko arduradunak azaldu dauanez, “euren heriotza aurreratu gura dabenei ze akonpainamendu espiritual eta sakramentu-arreta eskaini deikiegun hausnartzeko” alkartu ziran. Basurtu, Gurutzeta-Cruces, Galdakao-Usansolo, Gorliz, San Eloi, Santa Marina eta Urduliz ospitaleetan laguntzen daben 24 laiko eta abade batu ziran.
On Joseba Segura Iruña eta Tuterako artzapezpikuari egin eutsen autortzan
Zapatuz, Misinoen zaindari dan Xabierko San Frantzisko Eguna ospatu zan eta, horren haritik, Mons. Francisco Perez Iruña eta Tuterako artzapezpiku eta Donostiako administratzaile aspostolikoa buru izan zan Juan de Jasso auditorioan ospatu zan Eukaristian, On Joseba Segura Bilboko gotzain eta Misinoetarako Gotzain Batzordeko kidea, Leireko abata eta hainbat abade eta misiolari ondoan ebazala. Misinoetarako Ordezkaritzak autortza egin eutsan Mons. Francisco Perezi misinoei eskainitako urte guztiengaitik.
Mons. Francisco Perez Aita Santuaren ardurapeko Misino-egintzak (OMP lez ezagutzen dira) erakundeko zuzendari izan zan 2001etik 2011ra eta urte askotan izan da Misinoetarako Gotzain Batzordeko kide eta batzordeko buru da 2017an hasita.
Gotzainaren bisita IV. bikaritzara
On Joseba Segura gotzainak oraindik bisitatu bako parrokia txikiak ezagutu gura dituala adierazo dau. Atzo, domekea, Mañaria eta Matienako parrokietan ospatu eban Eukaristia, Alex Alonso lurraldeko bikarioagaz batera. Eukaristiaren ostean, eleiztarrakaz kafe bat hartu eta solasean jarduteko astia izan zan.
Kandelatxoen gaua
Atzo Latinamerikarren ospakizunean otoitz berezia egon zan. Kandelatxoen gaua ospatu eben. Kolonbiako ohiturea da.