27-04-2024 Sábado, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak
05.11.2023

Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Laburpenari hasiera emoteko, Ekintza Katoliko Orokorra (EKO-ACG) eta Ekintza Katolikoko Langile Ermandadea (HOAC) mobimentuek ospatu dabezan batzarren barri emoten da.

Batzar nagusi bietan, erreleboak izan dira kargu bitan: EKO-ACG mobimentuan, Josema Incierte eta Fernando Marcos, hurrenez hurren presidente eta kontsiliario, euren karguak itzi dabez eta Bruno Bonnet eta Javi Garciak hartu dabez euren lekuak. 

Beste alde baatetik, Bizkaiko HOACen, hiru lagun barri dagoz presidentetzaren, heziketaren eta zabalkundearen arloetan.

Domu Santu Eguna

Gainera, webean jaso danez, astean Domu Santu eguna ospatu da eta On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru izan zan Derioko kanposantuko kaperan ospatu zan Eukaristian. Gogoan izan ebezan urtean zehar hildako guztiak.

Gainera, Domu Santu Egunez, VI. kontzertu lirikoa ospatu zan kaperan bertan, musikagile ospetsuen pieza aukeratuak (Mozart, Puccini, Verdi, Donizetti, Bach, Schubert, Sorozabal, Webber, Caccini, Franck, Morricone…) entzun ziralarik. Esteka honetan ikusi daiteke.

Ereñoko (Gabika) parrokiako erlojua

HIldakoen egunez, Gabikako Ereño auzoan, BIlboko gotzaina buru zala eta lurraldeko bikarioa, parrokoa eta inguruko abade eta fraileak alkar-meza emoten zirala, egin zan eleizkizunean, erabarritutako erlojua inauguratu eben.

1889ko erlojua Zumaiako errementari-erlojugileen sendikoa zan Benito Yereguik eraiki eban. Yeretui sendiko hainbat kidek parte hartu eban konpondutako erlojuaren bedeinkapen eta inaugurazinoan.

Urteurrena

Astekoak sailean nabarmendu danez, Algortako Berrerosle Guztiz Santua parrokiak 50. urteurrena ospatu dau.

Koldo Alzola parrokoaren esanetan, ospakizunean 1983.eko urriaren 30ean Erroman dohatsu autortu eben “eta bere erlikiak gure parrokia eleizan pozez gordeten doguzan” Dimako seme dan Domingo Iturrateren beatifikazinoaren 40. urteurrenagaitik.

Webean iragarri danez, Getxoko 42. Koral Astea ospatu da eguenetik domekara eta, besteak beste, Txinan entzutetsuenetakoa dan ‘Rainbow Chamber singers’ abesbatzak jardun dau.

Alkarren Barri

Astekoak sailean jaso danez, Comunicación-Alkarren Barri aldizkariaren azaroko alea argitaratu da.

Besteak beste, gai honeek nabarmendu dira: azaroaren 12an ospatuko dan Eleizbarrutiaren eguna, Lurralde Santuko gatazka eta azaroaren 19an ospatuko dan Pobreen Munduko Eguna.

Ignacio Palacio Gizakiako zuzendari-gerenteari eta Begoña Iñarra misiolariari egindako alkarrizketak be irakurri daitekez.

Eleizbarrutiaren Eguna

Eleizbarrutiaren Eguna dala-eta argitaratu dan Bilboko Eleizbarrutiko 2022. urtearen oroitza-txostenaren ingurukoak be nabarmendu dira aste honetan.

Azaroaren 12an ospatuko da Eleizbarrutiaren Eguna, aurton, “Agradecidos por nuestra fe – Fedez eta pozez” goiburuaren haritik.

Bilboko gotzainak parrokietara bialdutako lagungarrien aurkezpenean esandakoaren arabera, “beren-beregi fededun lez” aurkeztu behar dogu geure burua, erabateko “apaltasun eta begirunez, fedean bat ez doguzanen aurrean”:

Gizakiaren kanpaina

Minutuko laburpenean, Gizakia erakundearen kanpaina be aitatu da.

Eleizbarrutiko aurtengo jardunaldian, mendekotasunak dabezan emakumeengan jarri da arreta, izan be, “beren-beregi eurei zuzendutako erantzunak behar dabez”, Ignazio Palaciok webean argitaratutako adierazo dauanez. Palaciok Estibaliz Barronen lekua hartu dau Gizakiako talde barriko zuzendari-gerente lez.

Juanto Uribarri

Bizkeliza.org webean, Komunidadeen batzordean Juan Tomas Uribarriri eskaini deutsan omenaldia be nabarmendu da.

Uribarri bat-batean hil zan bizikletan joiala Morgako gainerantz, joan dan maiatzaren 29an, 68 urte ebazala.

Juan Tomas Uribarri Komunidadeen Batzordeko presidente izan zan 20 urtez eta Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kide be izan zan 15 urtez, On Ricardo Blazquez eta On Mario Izeta gotzainen sasoian.

Bizkaiko hotsak

Astearen amaieran iragarri danez, Markina-Xemeinen kontzertua ospatu zan “Bizkaiko hotsak” organo-jaialdiaren XVIII. ekitaldiaren barruan, Loreto Aramendi eta ‘Sottovoce’ laukotearen eskutik.

Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak.