Sopuertako San Viator ikastetxean ospatu zan parrokietako alkartezainen lehenengo batzarra. Hain zuzen be, Miguel Vera lurraldeko bikarioak sustatuta partaideek izan eben hartu-emonean berba egin eban Pepita Larrauriren esanetan, ‘alkartezain’ berba gehiago guztatzen jako “parrokiako erreferente baino, hobeto islatzen dau-eta gure egitekoa. Hau da, Eleizan zein Eleizatik kanpo, bestez arduratzen dan norbait izendatzen dau”. Edurne Intxaurraga Zeanuriko parrokiako eleiztarraren esanetan, autorpena eskaintzeko ekitaldi honeek “guztiz garrantzitsu eta ezinbesteko dira”. Antzeko zerbait inoan beste askok be batzarraren amaieran: “honako gauzek indarra emoten dabe, baita adore eta bultzada be, bateatu lez Jainkoaren Erreinua iragarten jarraitzeko”.
Gotzainak eskuzabaltasun eta zerbitzua eskertu eban, hau da, “orduak eta orduak emoteagaitik parrokietan, lagunduz, lan eginez, parrokiak zabalik eukiz, hurreratzen danari lehenengo harrera eta biderapena emonez”. Atzera begiratu eta irudi honen 10 urteko historia gogoratu eban eta etorkizunari begira be jarri zan: “balorazinoa egiteko ordua da, egiteko horretan jardun izan dozuenoi entzun eta zer hobetu behar dogun ikusteko unea”. Eta horixe proposatu jaken eta partaideek Eleizbarrutian zerbitzu hau aurautzen dauan agiriaren inguruko ikuspuntua emon eben. Lagun askori bere heziketa prozesuan lagundu izan deutsan Estrella Moreno Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuko (ETPI) zuzendariaren esanetan, “ekarpenakaz agiria eguneratu egin gura da”.
Historia
Gotzainaren esanetan, parrokiako alkartezainaren irudia, “hainbat gauzaren emaitza da: lehenengo eta behin, aitatu dodanez, Espiritu Santuaren ekintzarena, baina, aldi berean, preminaren emaitza be bada. Baina, alkartezainaren irudia, ikuspuntu positiboagotik hartuta, Eleizbarruti honek larogeiko hamarkadan ospatu eban Batzar Nagusian egin ebazan hautuen emaitza be bada. Izan be, orduan, laikoen heziketa eta parte hartzeari eta koordinatuta lan egiteari lehentasuna emon jaken”
Hainbat lagunek testigantza emon eban.
Gogoeta orainari eta geroari buruz
Estrella Moreno batzarraren sustatzailearen esanetan, “jaieguna izan da, Bizkaiko kristau alkarteetako lagun askok eta askok erantzukizunak bere gain hartzen dituala ospatzeko eguna”.
Irudi hau eta alkarte abegitsu izateko gogoa lotuta dagoz, izan be, “ateak zabalik doguzala erakusten dau, zerbitzuren baten bila, guregana hurreratzen diran pertsonei argibideak emoteko gauza garala”. Autortu ebanez, egiteko honetaz arduratzen diharduen pertsonek ahalbideratzen dabe hori: “gehienak emakumeak dira. Gaur-gaurkoz, oinarrian, geuk osatzen dogu Eleiza eta geuk hartzen dogun askotariko erantzukizunak, besteak beste, harrera, parrokiako arreta orokorra”. Zapatuan, behin baino gehiagotan aitatu zan ‘belaunaldien arteko erreleboa’ kontu benetan garrantzitsua egiteko hau burutzen jarraitzeko.