01-05-2024 Miércoles, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Begoñako organoagaz Athleticen ereserkia joteko prest
05.04.2024

Begoñako organoagaz Athleticen ereserkia joteko prest

Miriam Cepeda Begoñako basilikako organistak behin baino gehiagotan jo dau organoa talde zuri-gorriaren aurrean. Urtero, abuztuan, Aste Nagusiko ekitaldien artean, taldeak eskaintza egiten deutso Amatxuri. Egun horretan, 1884an eraikitako Cavaille-Coll organoaren eta kanpaien bidez, Carmelo Bernaolak Beobide eta Olaizolaren musikan oinarrituta konposatu eban ereserkia entzun daiteke. Joan dan eguenez, goizeko 9:00etako Eukaristiaren ostean, Miriamek "atal bakotxerako giro egokiak sortzeko erregistro-aldaketak dituan" ereserkia entseatu eban. Karilloia be martxan jarri zan, gaur Athleticek kopa irabazi eta Amatxuri eskaintza egin behar badeutso, dana prest egon daiten.

Bihar egun handia da Athleticzaleentzat. Miriam Cepeda, Begoñako basilikako organo joleak taldea animatu gura dau Bilbotik. Badaezpada, ereserkia joten egon da egunokaz, Kopa irabazi ezkero, ohikoa danez, kluba Amatxurengana etorriko dalako.

Oraingoz, Ignacio Fernandez basilikako parrokoak ez dau deirik jaso taldearen aldetik. Hori ez dago agendan, eta normala da, “oraindik partidua jokatzea eta irabaztea falta da-eta”.

Ereserkiaren partitura

Athletic Club taldearen orrialean jasoten danez, ereserki ofiziala 1983ko martxokoa da. 

Feliciano Beobide eta Jose Olaizola maisuek konposatu eben eta Carmelo Bernaolak moldatu. Letra, Juan Anton Zubikarairena da. Otxandioko maisuak moldaketa egin eban garaipen-oihuaren eta  Feliciano Beobideren  Jose Olaizolaren “aupa mutilak” kalejira barne hartzen eban ‘altza gaztiak’ dalakoaren lehenengo konpasakaz.

Miriamek erabilten dauan partitura berezia da. Iribar berak letra batzuk idatzi eutsazan.

Athleticen ereserkiaren partitura
Ereserkiaren partitura Iribarren eskaintzagaz

Kirolarien ohitura Begoñan

Athleticek 1930ean egin eutsan lehenengo bisita Amatxuri herritarren artean egindako diru-batzearen emaitza izan zan zuri-gorrien bandera barria bedeinkatzeko. Denporaren buruan, eskaintzak beste sen bat hartu dau: esker oneko oroimena eta eskaintza. Horixe adierazo eban presidenteak iaz Bilboko jaietan basilikara joan ziranean: «Gogoan doguz gure aurrekoak».

Badira Amatxurengana babes eske edo tituluak eskaintzera joaten diran hainbat kiroletako beste talde batzuk be. Esate baterako, Euskaltel Euskadi txirrindulari taldea edo Sestaoko arraunlariak be joan ohi ziran basilikara. Gaur egun, Surne Bilbao Basket saskibaloi-taldeak egiten deutso bisita Amatxuri. 

Parisen eraikitako organoa

Eguneroko liturgian zein aitatutakoa lako aukera berezietan joten dan Begoñako organoari hainbat barriztapen egin jako bere historia luzean. 2016an, osoko barriztapena egin jakon. Ataldu egin eben erabat eta tutuak, mekanika eta aire-elikatze sistaema bereizi ebazan, jatorrizko harmonizazinoa itzultzeko. Basilikan organoa egunero joten dauan organistaren esanetan, emaitza, “bikaina” izan zan.

Pariseko organogile ospetsuek egindako musika-tresna hau ez da bakarra Bizkaian. Euskadiko Cavaille-Coll organorik zaharrena Lekeitioko basilikan dago. Alkarren Barri-Comunicación aldizkarian Eleizbarrutiko organoen inguruan argitaratutako artikuluetan musika-tresna honen inguruko bitxikeria hau eta beste makina bat gauza jasoten da. 

La organista, en un momento del ensayo