05-05-2024 Domingo, VI semana - pascua
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Bizkaia isilik 2023/10/25
23.10.2023

Bizkaia isilik 2023/10/25

Hilaren azken eguaztenez ohikoa dogunez, Bizkaia isilik bilkura isilean dogu hitzordua etorkinek eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidegabekeriak salatzeko.

Arren eskatzen deutsegu legeak egiten eta maila batean edo bestean erabagi politikoak hartzen dabezanei, pertsonen eskubideak eta duintasuna errespetatu daiezan.

Egunero-egunero, etorkizun hobearen bila euren herrietatik urtetea eragabi eta jazarri, engainatu, deportatu eta itsasoan erahil egiten dabezan hainbeste eta hainbeste pertsonaren zoritxarraren lekuko gara. Gure herri eta urietan kalez kale dabilzan, kale gorrian lo egiten daben, aterperik, erroldarik, lanik, adiskiderik ez daben baina, gure axolagabekeriaren eta inongo aukerarik emoten ez deutsen legeriaren eraginez, hotz eta amets izoztu larregi daukien pertsonak dira.

URRIKO bilkura isilean, pobretasunaren eta bere eragileen -gizarte-ekonomia egiturak bidegabeak dira- arazo larria agertzera emongo dogu. Hori dala-eta, herritarron erantzukizuna da hori salatzea eta giza errealidade zuzenagoa aldarrikatzea.

Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuen arabera, urte honetan, 2.806  etorkin hil dira Mediterraneoa itsasoko uretan, mendebaldeko aldean eta atlantikoan (munduko hobi komunik handiena). Gure kontzientzia astintzen daben datuak dira.

Urrian, hain zuzen be hilaren 17an eta Nazino Batuek autortuta, pobretasuna deuseztatzeko nazinoarteko eguna ospatu dogu. Gaur egun, 670 miloe lagun pobretasunik latzenean bizi dira, 2,15 dolar baino gitxiago dabe eguna igarotzeko eta kontu hori ez da herrialde txirotuetakoa bakarrik, Europan, Euskadin be gertatzen da. Pobretasunak gehien erasandako gizataldeak, europarrak ez diran etorkinak dira, guraso bakarreko familiak, lan eskasak dabezanak… Pobretasuna ez da halabeharrezko zerbait, bazterketa eta pobretasuna eragiten dituan gizarte-ekonomia egituraren, ekoizpen-eredu jakin baten, hau da, kapitalismoaren emaitza da eta gizarte osoak konprometitu behar dogu horren deuseztapenean.

Gaur be, eta Palestina eta Israelen artean biztutako gerra gogoan, geure egingo doguz Frantzisko Aita Santuaren berbak: “Gerra, porrota da, gerra bakotxa porrota baino ez da”. Eta eskaria egiten deutsegu gobernuei euren esku dagoana egin daien erasoak eta milaka errugaberen sufrimentua eteteko, izan be, terrorismoak eta gerrak ez dakarre konponbiderik giza gatazketan. Dakarren bakarra, ondotxo egiaztatu dogunez, etorkin-kopuruak gora egitea da eta pertsona horreen pobretasuna areagotzea.

Gure esku lagunak luzatu gura deutsaguz gure uri, auzo eta herrietan bizi diran, jarduten daben edo bizilagun doguzan emakumeen aniztasunari.

ISILTASUNA egingo dogu eta euren sufrimentu eta itxaropenak ekarriko doguz gogora eta bihotzera. Isiltasunean bereziki agertzen dira gizadiaren zauriak eta bazterketa eta ahulenak ez entzutea dakarren norberekoikeria. 

Isiltasunean ikusten dogu gizon eta emakumeei dagokien ezer ez dogula arrotz.

ITZULIAK (3 itzuli)

Gure hileroko isiltasun iraunkor eta irmoa, errefuxiatu eta etorkinen aldeko harrera egokia eskatzeko, POLITIKA ZUZENAK, ‘CIES’ ZENTROEN ITXIERA, MEREZI DABEN HARRERA ETA AKONPAINAMENDUA eskatzeko, Europan zehar hedatzen dan eta Mediterraneoa zeharkatuz afrikar herrialdeetaraino iristen dan itxaropenezko hazia da.

Politika zuzenak ESKATZEN DOGUZ:

1. Pertsonen salerosketa desagerrarazteko, biktimak –batez be emakume eta adin txikikoak- babesteko eta biktimen kontura aberasten diran pertsona eta erakunde kriminalei aurre egiteko.

2. Gure herri eta uriak harreragile izan eta etorkinen oinarrizko beharrizanei –elikadura, etxebizitza, osasuna, lana, sareak…- erantzun deieen.

3. Estatuko, Autonomia Erkidegoetako, Diputazinoetako eta Udaletako aurrekontu orokorretan migrazino-politika egokirako ezinbesteko diru-partidak zehaztu daitezan.

4. Norbere borondatearen aurkako migrazinoaren arrazoiei -gatazka armatuak, baliabide naturalen indarrezko ebazpena, pobretasun eta desbardintasuna, klima-aldaketa, ustelkeria…- aurre egiteko eta jatorrizko herrialdeetatik urtetea erabagitzen daben pertsonei desplazamendu segurua bermatzeko euren bizia eta duintasuna arriskuan jarri beharrean aurkitu ez daitezan.

5. ‘CIE’ zentroetan dagozan pertsonen eskubideak bermatzeko eta dalako zentro horreek ixteko.

6. Pertsonak merkantziatzat hartzen dabezan eta inongo legaltasunik, moralik eta gizatasunik ez daben hitzarmenei uko egiteko.

Ahulenen ahotsa da, hemen gagozanontzat, itxaropenaren soinua.

Burdinazko hesiak zeharkatzen dabezan itxaropen horrek, itunak eragiten ditu eta dei egiten deusku gure gaitasun harreragilea jokoan jarri daigun, errealidade oinazetsu hau eraldatu daikegula sinistuta. Bidegabekeria eta indarkeria dagozan bitartean, ez da giza utopia geldiaraziko dauan ez horma ez hesirik izango.

Bizkaia isilik ekimenaren eskutik bilkura isilean parte hartzen dozuenoi esker ona adierazoteaz batera, 2023.eko Azoaren 29erako deialdia egiten dogu.

Dakokiozan artxiboak: