06.08.2026

Caritas Bizkaia, Ceutako tragediaren aurrean

Caritas Bizkaiak bere ardurea erakutsi dau azken egunotan Ceutan izan dan tragediaren aurrean, eta bat egin dau Caritas Espainiak plazaratutako jarrereagaz. Erakundeak gogorarazo dau migrazino-drama ezin dala soilik mugen kudeaketatik ikusi, pertsona bakotxaren duintasunaren defentsatik baizik.

Bere testuan, Caritas Bizkaiak, urira itsasoz heldu gurean hil diran pertsonen giza heriotzen galera tragikotzat joten dau, eta “babesa, segurtasuna edo etorkizun hobea bilatzeko bere bizitza inork ez leukela arriskuan jarri beharko” azpimarratu dau. Mugako heriotza bakotxak gizarte osoari eragiten deutsola dino.

Aldi berean, Bizkaiko Caritasek autortzen dau Ceutako herritarrek konplexutasun handiko egoera bati aurre egiteko egin daben ahalegina. Gainera, gizarte-erakundeek, erakunde humanitarioek, erlijino-komunitateek, profesinonalek eta egoera ahulenean dagozanei lagundu deutseen boluntarioek egindako lana eskertu dau.

Lehentasuna makalenei

Erakundeak azpimarratu dau edozein erantzunek lehentasuna emon behar deutsala pertsona makalenen babesari, batez be haur eta nerabeei. Era berean, giza duintasunarekiko eta nazinoarteko eta nazinoko legeriak autortutako eskubideekiko errespetua bermatzearen garrantzia azpimarratzen dau.

Era berean, helburu politiko edo estrategikoetarako migratzaileen instrumentalizazinoa salatzen dau, Leon XIV.a aita santuaren azken berbak be ekarri dauz gogora. Haren esanetan, migratzaileak “ez dira zenbakiak, ezta espedienteak be, inork mespretxatzeko eskubiderik ez dauen duintasuna daben pertsonak baino”. Mezu horrek, Bizkaiko Caritasen arabera, gizabanakoa edozein erabagi politiko eta sozialen ganetik jartzeko konbita egiten dau.

Alkarteari eta gizarteari deialdia

Azkenik, Bizkaiko Caritasek dei egiten deutse administrazino publikoei, arduradun politikoei eta nazinoarteari. Herrialdeen arteko lankidetza, giza eskubideen errespetua eta giza mobikortasunerako bide seguruak sortzen lagunduko daben konponbideak bultzatzeko eskatzen deutse.

Erakundeak kristinau alkarteari eta gizarte osoari be dei egiten deutse migratzen dabenen sufrimentuaren aurrean keto ez geratzeko. Gainera, gizarte anaikorragoa, abegikorragoa eta pertsona guztien duintasun bortxaezinagaz konprometituagoa eraikitzen jarraitzera animetan dau.

Fotto (Vatican News)

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Caritas Bizkaia