Berrehun eta larogei gazte erromes joango da Eleizbarrutian osatu dan taldean, Lisboan ospatuko dan Gazteen Munduko Eguneko XXXVIII. ekitaldian parte hartzeko. Hainbat mobimentuk, bestalde, euren taldeak antolatu dabez Bizkaitik Portugalera joateko.
Zapatuko jardunaldian, partaideek euren burua aurkeztu eta alkar ezagutu eben. Horren ostean, taldeka lan egin eben, azkenean, On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzainagaz alkartzeko.
Hainbat parokiatako gazteak batu ziran: Bilboko Corpus Christi, San Fernando, San Bizente Martiria, Xabierko San Frantzisko eta La Peña, Lekeitiotik, Oiz-Anboto PBtik, Garbealde PBtik, Sestaotik, Santurtzitik, San Migeletik, Areetatik, Romotik eta Sestaotik be joan ziran eta Pablo Yu txinatar alkarteko ordezkaria, bere alkarteko 16 lagunakaz GMEra joango dana. Beste hainbat talde eta erakundetako ordezkariak be izan ziran: Eleizbarrutiko Seminarioa, Effeta, komunidade neokatekumenalak, Mariaren Birjintasuna, Mendi Alai, Opus Dei…
Zapatuz batzarrean parte hartu ebenetako batzuk aurreko GMEetan parte hartu izan dabe eta euren bizipenak kontatu ebezan. Orokorrean, jentea ilusinoz eta gogoz beteta agertu zan, eta, aldi berean, ikusminez, Portugalen bizi izango dabenaren aurrean.
Zapatuko jardueraren arduradun izan zan Alex Andreu abadeak gazteei esan eutsenez, garrantzitsua da GMEan bizi dana eta esanguratsua da, baita be, handik ‘ekarten’ dana. Bere esanetan, “guzti honek ez dau han bakarrik geratu behar. Jainkoaren gosea, beste zerbait gehiago sorraraziko dauan esperientzia bizi gura dogu”. Talde itxirik ez egiteko esan eutsen: “merezi dau alkar ezagutzeak eta daukazuena eta zariena batera jarteak”.
On Joseba Segura gotzaina buru zala ospatu zan Eukaristiaren aurretik, harek eta gazteek solasaldia izan eben: “Jainkoak lagundu deigula GMEaren esperientzia hau alkarregaz bizitzen. Jesusen mundu osoko sinistedun eta jarraitzaileakaz bat egingo dogu”.
Gotzainak esan eutsen azkenean: “Eleiza bizi, Eleiza gazte izatera bialtzen zaituet, esperientzia hau bizitzera eta, uneren batean, Kristok bakotxari berariazko zerbait eskatzen deutsuela antzeman edo sinisten badozue, eskuzabaltasunez erantzun eiozuen. Eta bialdu egiten zaituet, itzuleran, bizi izandakotik zerbait zuen inguruetan, adiskide eta senideen artean zabaldu daizuen be”.
Hurrengo hitzordua
Ekainaren 29an, 19:30etan, GMEaren aurreko azken batzarra ospatuko da, besteak beste, antolakuntzari lotutako zehaztasunak emoteko: egun, leku zehatzak, urteera-ordutegiak, e.a.