08-05-2024 Miércoles, VI semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Errege-opil solidarioaren” 3.500 zati banatuko dira urtarrilaren 5ean, Bilbon
30.12.2022

“Errege-opil solidarioaren” 3.500 zati banatuko dira urtarrilaren 5ean, Bilbon

Carlos Bargos Bizkaiko Caritaseko zuzendariak eta Ana Sofi Telletxea erakunde horretako ikerketa eta garapenerako arloko arduradunak "Errege-opil solidarioaren" ekitaldia aurkeztu eben atzo. Errege-opila urtarrilaren 5ean, eguenez, banatuko da Bilboko Plaza Barrian. Aurtengo gozoki solidarioak 600 kilo pisatuko ditu eta ohiko errezetaz egingo da. Prestaketan, 350 kilo irin, 63 kilo azukre, 92 kilo gurin, 110 dozena arrautza, 30 litro laranja-lore ur, 33 kilo legamia, 50 kilo fruta azukreztatu apaintzeko eta 7 kilo gatz erabiliko dira.

Bilboko errege-opil solidarioaren 19. ekitaldia ospatuko da. Bizkaiko Caritasek “Bilboko XIX. errege-opil solidarioaren” bidez, sentiberatasuna bizten jarraituko dau bazterketaz eta pobretasunez jantzitako egoeren aurrean, batez be gazte eta umeengan arreta jarrita. Erakundetik azaltzen dabenez, “ekimen honen helburua egoera latz horreek eragiten dabezan arrazoien inguruan sentiberatasuna biztea eta dirua batzea da, egitasmoak garatu eta gazte eta ume horreen bizi baldintzak hobetzeko”.

Ekintza hau garatuz, bazterketa eta pobretasunez jantzitako egoeren aurrean sentiberatasuna biztu gura da, errege-opilaren 3.500 zati solidario banatuz eguenez, 2023io urtarrilak 5, goizeko 10:00etatik aurrera, Plaza Barrian.


Jarduera Bilboko Plaza Barrian garatuko da. Opil-zatia eta txokolatea birziklagarrietan banatuko dira, goizeko 10:00etatik aurrera, era dinamikoan, jente-pilaketa saihesteko eta kontsumoa errazteko.

Txokolate-basoa eta opil-zatia: euro 1

Bilboko XIX. Errege-opil solidarioa banatzen dan bitartean, askotariko jarduerak egingo dira giroa berotzeko, eta baita umeentzako tailerrak eta zozketak Honeetan parte hartzeko, opil eta txokolatea eskuratzeko tiketeko zenbakia da nahiko. Txokolate eta opila hartzeko, aurreko urteetako prezioa ordaindu behar da, hau da, euro 1.

Radio Popular-Herri Irratia eta Bizkaia Irratia Eleizbarrutiko irratiek ekitaldia zuzenean emongo dabe.

Agertzera emon eta aldarrikatu

Caritasen arreta eta laguntza jasoten dauan eremuak ezinbestekoa dau agertzera emotea eta makina bat familiaren, eta bereziki makina bat adin txikikoren ahulezia ezagutzera emotea. Pobretasuna belaunaldiz belaunaldi betikotu ez daiten borrokatzea, egoera eskasean dagozan adin txikikoei aukerak eta bitartekoak emoten ahalegintzea da, azken batean, errege-opil solidarioaren eta beste hainbat ekimenen bitartez lortu gura dana. 

Lankidetza

Bizkaiko Caritasek Alde zaharreko dendarien alkarteagaz batera antolatu dau errege-opil Bilboko solidarioaren XIX. ekitaldia. Opila, beste urte batez, Okindegien Bizkaiko Alkarteak prestatuko dau, Lapiko Cateringegaz eta LogiFrio Bilbaogaz batera. ‘Café Iruña Cateringek’ txokolate-banaketan lagunduko dau, Kaikuk (esnea) eta Baquek (kakaoa) egun horretarako emondako osagaiakaz. Laboral Kutxak babesten dau ekitaldia eta Engranaje Publicidad etxeak zabalkunde digitala Bizkaiko Caritaseko hamaika boluntariok be jardungo dau antolaketan.