29-03-2024 Viernes, semana - semana santa
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Urtekoak. Begirada 2022ari
31.12.2022

Urtekoak. Begirada 2022ari

2022a, urte bete-betea izan da. Askotarikoak izan dira barriak, positibo eta negatiboak, itxaropenez betetakoak eta bakarrik Jaunaren Argiak urratu leiken iluntasunean murgiltzen gaituen barri baltzak. Hurrengo bideoan, urteko barrien laburpena jasoten da, bizkeliza.org orrialdean agertu izan diran barririk nabarmenenak bilduz. Urte barri on!

Omenaldiak eta autortzak

Urtekoak, modurik egokiena 2022ari lehen begirada botateko

Izan be, urtarrilean, bakotxak bere arloan eta ibilbidean, edertasuna, zentzuna, kultura eta gizatasuna emon deuskuezan bizitzei eskainitako omenaldiaren barri emon genduan: Peli Romarategiri bere jaiotzaren mendeurrenean; Ander Manterola, Josune Aristondo, On Joan Maria Uriarte gotzainari eta asko gogoratzen dogun Mari Unzueta zanari “Carmelo Etxenagusia Ohorezko Aitamena” emotean.

“Normaltasunera” itzuli

Urtean zehar, “betiko” jarduera txiki eta handiak itzuli dira gure bizitzara, esate baterako, Arratiako abesbatzak barriro abestu dau Agate Deunaren egunez Begoñako basilikan.

Somorrostro ikastegiaren 75. urteurrena ospatzeko ekitaldien hasieran be pandemia aurreko aforoak berreskuratu ziran. Horrezaz gainera, Bake Topaketaren ekitaldi barriaren barri be emon da web orrialde honetan.

Beste alde batetik, martxoan ospatzen dan Emakumearen Eguna dala-eta, autortza egin jakon emakumeari Bilboko lekuko Eleizan. Apirilean, Eleizbarrutiaren web orrialdearen erabarritzea izan da albiste.

Web orrialdeari dagokionez, urte osoan egin izan jakoz ikutuak, handi eta txikiak, Eleizbarrutiko kuriako kontu guztiak jasoten dituan eta alkarteei zerbitzua eskaini gura deutsen web ataria egokitzeko.

Udaren hasieran, abadegintzak

Udabarrian, Gurutzetako ospitaleko kapera barriaren inaugurazinoaren ingurukoak jaso genduzan eta baita salestarrek Barakaldon daroezan 125 urteen barri be. Udaren hasieran, Txomin Alonso eta Jaime Pizarro abade egin ziranekoak nabarmendu genduzan.

“Normaltasunera” itzultze hori bistakoa izan zan Urkiolan San Antonio egunez, milaka lagun batu zan-eta santutegiaren inguruan.

Udaldiaren hasieran, omenaldia egin eutsen Aita Martzel Andrinuari eta Felix Larrondo seigarrn bikaritzako bikario izendatu eben.

Eta udako etenaldiaren -denporaldi honetan be ez zan barririk falta izan-ostean, Eleizbarrutiko pastoral ekiturtearen hasiera ospatu zan.

Kurtso barria, EEE barria

“Goazen! 22-23” ekitaldian, Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmo barria aurkeztu eta martxan jarri zan lekuko Eleizako alkartez alkarte zehazteko.

Gainera, urteko azken hiruhilekoan, Pobreen Munduko Eguna, Kidendaren 20. urteurrena edo Estatuko 20 eleizbarrutitako ikastetxeen biltzarra nabarmendu dira, besteak beste, bizkeliza.org web orrialdean.

Azkenik, autortza Bizkaia Irratiari bizkaieraren alde egindako lanagaitik eta “Bilboko Ospetsu” izendapena Adolfo Arejita Labayru Fundazinoko presidentearentzat, horra hor beste omenaldi bi urteari amaiera bikaina emoteko.

On Joseba Seguraren eta komunikazinorako Eleizbarrutiko talde osoaren Gabon-agurrak emongo deutso amaiera Urtekoak laburpenari, 2022ari egindako begiradari. Urte barri on!