Hogeta hamairu urtez (1991-2024) egin izan dan zaharbarritze zehatzaren ostean, Zariketeko ermitaren ateak zabalik dagoz datozan hiru domeketan egingo diran bisita gidatuen bidez bertako sekretu guztiak bistaratzeko.
Banan-banako esperientzia bermatzeko, bisitak talde txikietan (gehienez 6 lagun) egingo dira. Lekua gordetzeko, mezua bialdu ondorengo helbidera: patxigarciadelatorre@gmail.com
Bisita zoragarria
Bisitan, berreskuratu izan diran gauza harrigarriak ikusiko dira
Erdi Arokoa: Altara-aldean, arkeologia-indusketek XI-XII gizaldietako lehenengo eraikuntzaren zimenduak bistaratu ditu. Iñaki Pereda arkeologoa buru izan dauan taldeak egin ditu lanok.
Ehunka urteko horma-pinturak: XIV-XVI gizaldietako apaingarriak, EHUko Arte Ederretako Fakultateko adituek zehaztasun handiz zaharbarritutakoak.
Bitxi sinbolikoa: Eguzki-lorratzaz margotutako harri misteriotsua.
Barrokoaren gailurra: XVII. gizaldiko erretaula ikusgarri bi, Francisco Martinez de Arce maisuarenak, eta erretaula klasizista bat.
Erakusketa iraunkorra
Korupean ipinitako erakusketa hirueleduna da (gaztelania, euskera eta ingelesa) eta lau kapituluren bidez agertzen da leku honetako bizitza: Tradizino bizia; Donejakueren bidea, Milaka urteko historia eta Zaharbarritzea.
Irudidun kronogramak erakusten dau 1.000 urteko arkitektura-bilakaera, XI. gizalditik XXI. gizaldira artekoa. Gainera, egundoko balioa daben liturgiarako tresna zaharrak eta agiri historikoak dagoz ikusgai beira-arasetan.
Kontatzeko asko dauan lekua
Ermita, historiaz beteta dago eta, gainera, leku bizia da. Euskal Herriko Donejakue Bideetan txertatutako monumentua da eta “Ahaztutako Bidea” Done Jakue Bidean dago.
Une honetan, Zallak une gogoangarria ospatzeko prestatzen dihardu: 2025ean egingo da Austriako Zita enperatrizak egin eban bisitaren mendeurrenaren oroitzapena. Lekeitioko esbestealdian Zallako ‘Damas irlandesas’ ikastetxean -gaur egun, Colegio Maristak Zalla Ikastetxea- egon zanez, ermita bisitatu eban.
Arimarentzat
Antolatzaileen esanetan, bisita hau gozatzeko da, “presa barik, patxadaz, giro goxo, abegitsu eta baketsuan” egiteko.
Azkenean, bisitariek oroigarria egoango dabe etxera: edo erakusketaren katalogoa edo otoitza jasoten dauan estanpa.