Gaur, Farimako Andra Mariaren Eguna, joan dan asteburuan Bilboko Eleizbarrutian izan dan jardueraren bat edo beste gogoratuko dogu.
Atzo arratsaldez, 0 eta 6 urte bitarteko umeak dabezan familien batzarra ospatu zan bateoen kontua daroan taldeak deituta eta sustatuta.
Bataiarriaren inguruan otoitz egin ondoren, familiak lokaletan batzartu ziran. Abando-Albian pastoralgintzan diharduan Ana Diaz Beitiaren esanetan, gogoeta egin eta alkarrizketan jardun zan “neskato eta mutikoei erlejino esnatzean eta kristau federako sarbidean etxean emoten ari jaken laguntasunari buruz”.
Beste alde batetik, joan dan zapatuz, San Inazio parrokiako alkartea batu zan bere 75. urteurrena ospatzeko lehenengo ekitaldian.
Kurtsoan izango da beste hainbat ekitaldi be. Ekainaren 9an, bisita gidatua egingo da parrokian eta ondoren Eukaristia ospatuko da. Gainera kurtso amaierako bazkaria egingo dabe eta bertan parte hartzeko deialdia egin deutse eleiztar guztiei.
Bidezko merkataritza
Joan dan astean bidezko merkataritzaren eguna ospatu zan. Hori dala-eta, Eleizbarrutiko hainbat lekutan eskuratu ahal izan dira “guztiei on egiten” deutsen produktuak. Artxandape Eleizbarrutiko ikastetxeko gazteek stand bat jarri eben parrokia aurrean.